Itxi

A28

Gaurko hauteskundeen 'garrantzi historikoa' nabarmendu dute presidentegaiek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Sanchezek "mezu argi eta garbia" emateko eskatu die hautesleei, Iglesiasek "gehiengo progresista agertzeko", Riverak "aro berri bat zabaltzeko" eta Casadok nori botoa eman "ondo pentsatzeko".

Your browser doesn’t support HTML5 video

PSOEko burua, Pedro Sanchez, izan da botoa ematen lehena igande honetan. 09:15ean egin du, Pozuelo de Alarconen (Madril), Begoña Gomez emaztea ondoan zuela.

Mezu "argia eta garbia" emateko eskatu die herritarrei, eta ildo horretan, hurrengo lau urteetan "lasai eta patxadaz" aritu ahal izateko "nahikoa ordezkari" izan nahi dituela berretsi du.

"Izan dadila hauteskunde egun ahalik eta lasaiena, eta espainiarrek eman dezatela botoa libreki. Espainiaren etorkizunerako ate irekien egun bat izatea nahi dut, garapenerako, justizia sozialerako, nazioaren adiskidetzerako eta politikaren garbiketarako urratsa emango duen eguna, urte askoan justu kontrakoa bizi izan eta gero" gaineratu du Espainiarako presidentegai sozialistak.

Iglesiasek parte hartze handia eskatu du

Pablo Iglesias Espainiako Gobernurako Unidas Podemosen presidentegaiak 09:45ean eman du bozka Galapagarren (Madril) eta herritarren parte-hartzea "oso altua" izatea nahi duela esan du: "Demokraziarako albisterik onena parte-hartzea altua izatea da. Espainian gehiengo progresista bat dago eta parte-hartze handia dagoenean hori agerian geratzen da".

Alderdi morearen buruak ikastetxe publikoak ere goraipatu ditu botoa ematera joan denean, "horiek baitira ziur aski demokraziaren gauzarik onena" esan du, eta eskerrak eman dizkie gaurko eguna posible egin dute langile publiko guztiei: "Oso berezia da gure seme-alabek ikasiko duten eskolan botoa ematea" gaineratu du.

Albert Riverak Hospitalet de Llobregaten eman du botoa

Albert Rivera Ciudadanoseko hautagaia 10:00ak aldera eman du botoa ematera L'Hospitalet de Llobregaten (Bartzelona). Exekutiboa aldatu eta "aro berri bat hasteko" eskatu die botoemaileei.

Riverak esan du hauek ez direla "edonolako hauteskundeak", botoemaileek "Etorkizunera edo iraganera begiratuko duen Espainia bat hautatu behar dutelako", "erdikoa edo muturrekoa". Ildo horretan, "aro aldaketa eta Gobernu aldaketa" eskatu ditu "guztia batera", "herri hau apurtu nahi dutenek politika baldintzatu ez dezaten eta batuta jarraitu nahi dutenek zuzendu dezaten Exekutibo berria".

Casadok "ahal den parte-hartzerik altuena" eta botoa nori eman "ondo pentsatzea" eskatu du

Pablo Casado PPren presidentegaia 12:00etan joan da botoa ematera Madrilgo Nuestra Señora del Pilar ikastetxera, emaztearekin. Azken urteotan izan diren "porrot egindako legislaturak ikusita, Gobernu egonkorra irtetea" gustatuko litzaiokeela esan du, eta "azken urteetako hauteskunderik garrantzitsuenak diren hauetan oinarrizkoa" dela "ahalik eta parte-hartzerik handiena" izatea gaineratu du: "Hautetsontzietatik ateratzen dena izango baita Espainia baldintzatuk duena hurrengo lau urteetan".

Buruzagi popularraren iritziz, garrantzitsuena botoa "buruarekin" ematea da, "ondo pentsatzea" alegia: "Ematen den botoa ematen dela ere, zure eta zure ingurukoen etorkizunean eragina izango du horrek".

"Konbentzituta nago espainiarok behar dena egingo dugula" amaitu du.

Abascalek emaitzak errespetatzea eskatu du

Santiago Abascal Voxeko hautagaiak Madrilen eman du botoa eguerdi aldera. Milaka espainiarrek "itxaropenez eta inori eta ezeri beldurrik gabe" emango dutela botoa esan du eta bozak kontatzen direnean emaitzak errespetatzeko eskatu die alderdi politikoei.




Albisteak (1)

Bideoak (2)

Informazio gehiago (3)