A28
Navarra Suma garaile Nafarroan, 2016an baino boto gutxiago lortu arren
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Botoen % 99,76 zenbatuta, PSN-PSOEk lortu du EH Bildurekin lehian izan duen eserlekua. Sozialistek bi diputatu dituzte, eta EH Bilduk ez du ordezkaritzarik lortu.
UPNk, Ciudadanosek eta PPk osatutako Navarra Suma plataformak irabazi ditu 2019ko hauteskunde orokorrak Nafarroan. Hain zuzen ere, 2016ko bozetan UPN-PP koalizioak bi eserleku lortu zituen, eta kopuru bera eskuratu du Navarra Sumak ere. Halere, boto kopurua duela hiru urtekoa baino askoz txikiagoa izan da (botoen % 29,34, hau da, 106.915 boto).
PSNk, berriz, botoen % 25,75 lortu du, eta bigarren indarra da Nafarroan. Bina diputatu izango dituzte, beraz, Kongresuan; hots, Unidas Podemosek baino bat gehiago (botoen % 18,64).
Lehia bizi egon bada ere, EH Bilduk ez du azkenik diputaturik lortu, ezta Geroa Baik ere.
Parte-hartzeari dagokionez, gora egin du nabarmen, 2016ko hauteskundeekin alderatuta. Boto-emaileen % 76,29k bisitatu ditu hauteslekuak apirilaren 28ko hauteskundeetan. Abstentzioa, hortaz, % 23,71koa izan da.
Senatuko datuek erakusten dute Navarra Sumak hiru senatari izango dituela aurrerantzean, eta PSN-PSOEk bakar bat. Navarra Sumako senatariak hauek izango dira: Ruth Goñi (Cs), Amelia Salanueva (PP) eta Alberto Catalán (UPN). PSN-PSOEren izenean, ostera, Toni Magdaleno izango da senatari. Podemosek orain arte zuen senataria galdu du, izan ere, Cambio-Aldaketa koalizioak (Geroa Bai, EH Bildu, Podemose eta I-E) ez du ordezkaritzarik lortu.