A28
EAJk irabazi du EAEn, EH Bilduk ordezkaritza bikoiztu du eta PP kanpoan geratu da
eitb.eus
Jeltzaleek 6 diputatu lortu dituzte, PSE-EEk 4, EH Bilduk beste, Elkarrekin Podemosek bi ordezkari galdu ditu, eta PPk, berriz, ez du diputaturik lortu.
EAJk lortu du garaipena Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), igande honetako hauteskunde orokorretan. Jeltzaleek aurreko hauteskunde orokorretan baino eserleku bat gehiago eskuratu dute Diputatuen Kongresuan; horrela, guztira, sei ordezkari bildu ditu EAJk, botoen % 100 zenbatuta. Ondoren, PSE-EEk 4 ordezkari izango ditu Madrilgo Ganberan, aurreko legealdian baino bat gehiago.
Era berean, EH Bilduk lau diputatu erdietsi ditu, azken hauteskundeetan baino bi gehiago. Elkarrekin Podemosek, ordea, atzera egin du; izan ere, bi ordezkari galdu ditu. 6 diputatu zituen koalizio moreak, eta lau baino ez ditu izango.
Azkenik, Euskadiko PPk ez du ordezkaririk izango Diputatuen Kongresuan, orain arte zituen biak galdu baititu.
Parte-hartzea % 74,39koa izan da Euskadin.
Botoen % 100 zenbatuta, datuak lurraldez lurralde ikusita, EAJk garaipen argia lortu du Bizkaian, hiru eserleku eskuratuta (orain arte baino bat gehiago). Ondoren, PSE-EE sailkatu da, bi ordezkari lortuta (bat gehiago), Podemosek beste (bat gutxiago). EH Bilduk, berriz, bakarra lortu du (bat zuen), eta PPk zuen bakarra galdu du.
EAJk Gipuzkoan ere irabazi du, botoen % 100 zenbatuta. Jeltzaleek 2 diputatu erdietsi dituzte, EH Bilduk beste (orain arte baino bat gehiago lortu du). PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek bana lortu dute, baina koalizio moreak bat galdu du.
Azkenik, botoen % 100 zenbatuta, Araban, EAJk aurrenekoz lortu du garaipena, diputatu bakarrarekin. PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk ere ordezkari bana lortu dute. Koalizio abertzaleak PPk galdu duen eserlekua bereganatu du. Honenbestez, Javier Maroto PPko Antolakuntza idazkariordeak ez du eserlekurik izango Diputatuen Kongresuan.
Bestalde, Senatuan, EAJk 9 senatari lortu ditu, 2016ko hauteskundeetan baino lau gehiago. PSE-EE Senatura itzuliko da bi ordezkarirekin. EH Bilduk senatari bat eskuratu du.
Elkarrekin Podemosek sei senatariak galdu ditu, baita PPk zuen bakarra ere. Euskadiko gainerako alderdiek ez dute ordezkaritzak lortu Senatuan.
Senatari horiei autonomia erkidegoek aukeratzen dituztenak gehitu behar zaizkie: EAJ (1) eta EH Bildu (1). Gauzak horrela, guztira, EAJk 10 senatari izango lituzke eta EH Bilduk 2.