Itxi

A28

Garcia Egeak ziurtatu duenez, Casadok PP zuzenduko du datozen lau urteetan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

PPko idazkari nagusiaren hitzetan, zentro-eskuineko botoaren "zatiketak" Pedro Sanchezi "mesede egin" dio.

Teodoro Garcia-Egea PPko idazkari nagusia. Argazkia: EFE/Chema Moya

Alderdi Popularrak igandeko hauteskunde orokorretan emaitza "oso txarra" lortu zuela onartu du Teodoro Garcia-Egea PPko idazkari nagusiak. Horregatik, orain "autokritika" egitea beharrezkoa dela esan du, baina Pablo Casadoren balizko dimisioa errefusatu du, nahiz eta alderdiak 68 eserleku eta 3,7 milioi boto galdu.

Horrela, Casadori babesa eman dio Garcia-Egeak. Alderdia zuzentzen bakarrik bederatzi hilabete daramatzala gogorarazi du. Zentzu horretan, aurrekoek eta arerio politikoek irabazteko behar izan zuten denbora berdina behar duela azpimarratu du.

"Datozen lau urteetan, oposizioko buruzagiak Pablo Casado du izena", adierazi du Garcia Egeak prentsaurrekoan, PPren egoitzan, alderdiaren porrot historikoaren biharamunean.

Era berean, Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiari zuzendutako mezu bat da, oposizioko lider bezala agertu nahi baitu, baita alderdiko kritikoei ere.

"Datozen lau urteetan, oposizioko buruzagiak Pablo Casado du izena"

Casadok PPren buruzagitza ezohiko kongresu batean bereganatu zuen duela bederatzi hilabete. Garcia Egeak ziurtatu duenez, hauteskunde orokorrak irabazteko "mundu guztiak izan duen denbora behar du". "Epe luzerako" proiektua da, gaineratu duenez. Horrela, Aznar eta Rajoy bere aurrekoekin gertatutakoa gogora ekarri du, Moncloara hirugarren hauteskunde orokorretan heldu baitziren.

Garcia-Egearen ahotan, "buruzagi guztiek zenbait aukera izan dituzte" -Pedro Sanchez, Rivera edo Pablo Iglesias igandeko aurkari politikoei erreferentzia eginez-. Casado lehen aldiz aurkezten zen hautagai bakarra izan zela nabarmendu du PPko idazkari nagusiak. "Proiektuek denbora behar dute lurralde esparru guztietan", erantsi du.

PPko idazkari nagusiak beste behin errepikatu duenez, zentro-eskuineko botoaren "zatiketak" Pedro Sanchezi "mesede egin" dio. Horregatik, Casadok itunak kanpaina aurretik eskaini zizkion Ciudadanosi, Senatura batera aurkezteko.

PPko Zuzendaritza Batzorde Nazionala astearte honetan bilduko dela iragarri du Garcia Egeak, "hobetzeko gaiak" aztertzeko eta "autokritika logikoa egiteko".

Albisteak (3)