Itxi

A28

Urkulluren hitzetan, hauteskundeek 'errealitate desberdin bat" erakutsi dute Euskadin

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

"Gauzak egiteko modu bat dago, gertuko ingurunetik bereizten gaituen errealitate bat dago Euskadin, hori interesgarria eta akuilu bat da", azpimarratu du lehendakariak.

Iñigo Urkullu lehendakaria Elena Arzak agurtzen. Argazkia: EFE/ Gorka Estrada

Igandeko hauteskunde orokorretako emaitzarekin pozik agertu da Iñigo Urkullu lehendakaria. Agintariaren ahotan, "gauzak egiteko modu bat eta gertuko ingurunetik bereizten gaituen errealitate bat dago Euskadin".

Donostian, San Telmo museoan Arzaki eskainitako erakusketa bisitatu ondoren, hauteskundeetako emaitzaren inguruan labur hitz egin du lehendakariak. Eneko Goia Donostiako alkateak eta Elena Arzak sukaldariak Urkullu lagundu dute.

Emaitzen azterketa sakon bat egitea baztertu du buruzagiak. Europa, udal eta foru hauteskundeei itxarotea eskatu du, "gogoeta lasai eta patxadaz egin ahal izateko".

Hala ere, "EAJko militante gisa" bere alderdiaren "arrakastarekin pozik" azaldu da Urkullu kazetarien aurrean; izan ere, jeltzaleek garaipena lortu zuten hiru lurralde historikoetan, eta 6 diputatu izango dituzte Kongresuan.

"Gauzak egiteko modu bat dago, gertuko ingurunetik bereizten gaituen errealitate bat dago Euskadin, eta hori interesgarria eta akuilu bat da, alderdi politikoen zein erakundeen arteko harremana nola bideratzen ari den ikusita", erantsi du lehendakariak.

Azkenik, erakundeen arteko lankidetza "eredu" bat da Euskadin, "beste toki batzuetan, aldiz, izpirik ez dago", nabarmendu duenez.

Albisteak (3)