A-28aren ostean
Sanchezek PPrekin hasiko du gaur alderdi nagusiekin egingo duen bilera-sorta
agentziak | erredakzioa
Bihar, berriz, Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea Ciudadanoseko eta Unidas Podemoseko buruzagiekin bilduko da.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak eta presidentegaiak bilera-sortari ekingo dio gaur Moncloan oposizioko alderdi nagusien buruzagiekin, hau da, Pablo Casadorekin, Albert Riverarekin eta Pablo Iglesiasekin eta horietatik lehenengoa, PPren presidentea izango da.
Moncloatik jakinarazi dutenez, Sanchez gaur eta bihar bilduko da hiruokin "apirilaren 28aren osteko egoera politikoa aztertzeko". Hala, Sanchezek kanpoan utziko du VOX, Santiago Abascalek gidatzen duen alderdia.
Zehatz-mehatz, Gobernu espainiarrak emandako informazioaren arabera, lehen bilera asteleheneko (hilak 6) 13:00etan izango da, Pablo Casado PPren buruarekin.
Asteartean, Sanchezek Albert Rivera Ciudadanoseko burua hartuko du 11:00etan, eta Pablo Iglesias, Podemosekoa, 17:00etan.
Presidente espainiarrak deitutako bilerak hauteskundeak egin eta zortzi egunera izango dira. Bozketan PSOE garaile izan bazen ere, beste talde parlamentarioen babesa beharko du ezinbestean.
Espainiako Gobernutik zein PSOEtik azken egunotan nabarmendu dutenez, Kongresuko talde guztiekin hitz egingo dute, Sanchezen inbestidurarako babesa lortzeko helburuarekin.
Isabel Celaá bozeramaleak atzo bertan esan zuen Gobernu espainiarraren asmoa bakarka gobernatzea dela, eta "geometria aldakorra" aipatu zuen, hau da, itunak hainbat alderdiekin egin, inbestidura bermatu eta legealdi egonkorra izateko.