Hauteskunde osteko inkesta
PSOE-Unidas Podemos gobernua nahiago dute EAEko herritarren ia erdiek
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak A28ko bozen ostean egindako galdeketaren arabera, bigarren aukera gogokoena (itaundutakoen % 12) sozialistek bakarkako gobernu bat osatzea da.
Espainiako Gobernu berria zelan osatu behar den galdetuta, itaundutakoen % 48k erantzun dute PSOEk eta Unidas Podemosek osatutako gobernua nahiago luketela, eta % 12k sozialisten bakarkako gobernu baten alde egin dute, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak apirilaren 28ko hauteskunde orokorren ostean egindako galdeketaren arabera. Herritarrek emandako beste koalizio aukerak honakoak dira: % 8k PSOE, Unidas Podemos eta alderdi nazionalistek osatutakoa aipatu dute; % 5ek, PSOEren eta alderdi nazionalisten artekoa; % 4k, sozialistek eta Ciudadanosek osatutakoa, eta % 3k, beste koalizio gobernu batzuk.
Inkesta telefono bidez egin zuten apirilaren 29a eta maiatzaren 1a bitartean EAEko 880 bizilaguni galdetuta.
Maiatzaren 26ko foru eta udal hauteskundeen inguruan ere itaundu diete herritarrei. Galdetutakoen % 88k esan dute "bai, ziur" joango direla botoa ematera Batzar Nagusietarako bozetara, eta % 3 "seguruenik bai" joango da. Joateko asmoa dutenen % 69k alderdi berari emango diote botoa, % 17k oraindik ez dakite, eta % 11k beste alderdi bati emango diote.
Hauteskundeotan zein alderdik irabaztea nahiago duten galdetuta, % 41ek nahiko lukete EAJk lortzea boto gehien; % 15ek, EH Bilduk; % 5ek, PSE-EEk; % 4k, Elkarrekin Podemosek, eta % 1ek, PPk. Herritarren herenak (% 32) ez dute iritzirik eman.
A28ko hauteskundeen balorazioa
Galdetutakoen gehiengo zabal baten ustez, Espainiako Estatuko eta Euskadiko emaitzak "positiboak" izan dira. Herritarren % 93k badakite PSOE izan dela Espainian botorik gehien lortu dituena, eta % 81ek hauteskundeen emaitzak "gehienbat positiboki" baloratu dituzte. Balorazioa "nahikoa positiboagoa" da 2016ko hauteskundeetakoa baino, orduan % 37k baloratu baitzituzten "positiboki" —duela hiru urte PP izan zen irabazle—.
Euskadin boto gehien lortu dituen alderdiari buruzko ezagutza txikiagoa da: % 88k badakite EAJ izan dela bozkatuena. Euskadiko emaitzen balorazio positiboa (% 89) Espainiako emaitzen balorazioa baino hobea da, eta 2016ko hauteskundeetako emaitzena baino askoz altuagoa —orduko hartan Elkarrekin Podemos izan zen garaile—.