Kongresua eta Senatua
Kataluniako preso hautatuak espetxetik aterako dira Parlamentuko agiriak jasotzeko
eitb.eus
Junquerasek, Turullek, Sanchezek, Rullek eta Romevak zuzenean jasoko dituzte parlamentari agiriak Kongresuan eta Senatuan. Halere, ezingo dute prentsaurrekorik edo lan-bilerarik egin.
Kataluniako bost politikari preso hautatuei espetxetik ateratzeko baimena eman die Auzitegi Gorenak. Kongresura eta Senatura joango dira datorren astelehenean, maiatzaren 20an, parlamentari agiriak jasotzera, asteartean Gorteak osatu baino lehen.
Maiatzaren 21ean Kongresua eta Senatua osatzeko egingo diren bilkuretan parte hartzeko baimena eman die Gorenak, baina ezingo dute prentsaurrekorik egin, ezta lan-bilerarik egin ere, Auzitegi Gorenak debekatu egin baitie.
Soto del Real espetxetik Kongresura eramango dituzte Oriol Junqueras, Jordi Turull, Josep Rull eta Jordi Sanchez, eta Romeva, berriz, Senatura. 10:00etatik aurrera egongo omen dira Ganberetan.
Hauteskunde Batzorde Zentralak egiaztagiriak emango dizkie, eta, ondorioz, parlamentari agiriak jaso ahalko dituzte. Halaber, derrigorrezko ondasun higiezinen eta jardueren aitorpena egin beharko dute, baita aurreko jarduerak egiteko beharrezkoak diren beste ezinbesteko ekintzak ere.
Bestalde, Kataluniako prozesuaren epaiketaren asteleheneko saioa bertan behera utzi dute magistratuek, eta asteazkenean jarraituko dute.
Egutegiko aldaketa horrek, alabaina, ez du eraginik izango azken lekukoen testigantzetan, ezta perituen deklarazioetan ere, baina ziurrenik atzerapenak izango dira epaiketan.