Kanpainaren hasiera
EH Bilduk erabakitzeko eskubidea lortzeko 'baldintzak' sortu nahi ditu
agencias | redacción
Otegik independentistei esan die ez daitezela "erratu", Estatua horiei aurre egiteko "prestatzen eta estrategia antolatzen" ari delako.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaileak esan du euskal herritarrek bozkatzeko eta etorkizuna "libre eta demokratikoki" erabakitzeko "baldintzak" sortuko dituztela.
EH Bilduk hauteskunde orokorren kanpainari hasiera emateko ekitaldian egin ditu adierazpenok, Donostiako Tabakaleran, eta alboan izan ditu Mertxe Aizpurua Gipuzkoako zerrendaburua eta gainerako hautagaiak.
Otegik independentistei esan die ez daitezela "erratu", Estatua horiei aurre egiteko "prestatzen eta estrategia antolatzen" ari delako. Bere esanetan, estrategia horrekin "langileak azpiratu" nahi dituzte, "atzeraldi ekonomiko garai berri batengatik" egingo dituzten "murrizketa berriak” ezarrita.
"Horretarako ari dira prestatzen, eta gu justu kontrakoa egiteko prest gaude", azpimarratu du Otegik, hurrengo gobernua ez dela ezkertiarra izango eta "atzeraldi ekonomikoaren" ondorioz sortuko diren "eztanda sozialei eusteko arkitektura" bermatuko duena osatuko dutela aurreratu aurretik.
Bestalde, buruzagi abertzaleak Llotja del Mar-eko adierazpena goraipatu du, eta Kataluniako, Galiziako, Balearretako eta Valentziako indarrekin adostutako "gutxieneko programa" bat dela zehaztu du.
Izan ere, "155aren aurrean, autodeterminazio eskubidea; espetxearen aurrean, preso politikoen askatasuna; eta politika neoliberalen aurrean, politika sozial aurreratuak" proposatzen omen ditu aipatu adierazpenak.