Kanpainaren hasiera
PSOE masiboki bozkatzeko dei eginda, Gobernua osatuko duela agindu du Sanchezek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pablo Casadok esan du PP "inoiz baino indartsuago" itzuli dela; Ciudadanosek inkestei buelta emango diela ziurtatu du Albert Riverak; eta Unidas Podemosek amore emango ez duela azpimarratu du.
Pedro Sanchezek Sevillan abiatu du hauteskunde-kanpaina eta azaroaren 10ko hauteskunde orokorretan PSOEk "boto uholdea" jaso behar duela azpimarratu du, "indar gehiago izateko eta lau urtetan hauteskunderik deitu behar ez izateko".
Sanchez ziur agertu da hauteskundeak irabaziko dituela eta "oraingoan" Espainiako Gobernua osatzeko gai izango dela. Ildo horretan, PSOEk emandako hitza bete egiten duela esan du, Franco diktadorearen desobiratzeari aipu eginez.
Horrez gain, Alderdi Popularra gogor kritikatu du, Alderdi Sozialista geldiarazteko "azpikeriaz" dabilela egotzita. "Azaroaren 10ean Gobernu progresista sendo baten aldeko botoa emango dugu", erantsi du.
Pablo Casadok azpimarratu du Alderdi Popularrak soilik egingo diola aurre PSOEri eta eskuineko boto guztiak PPn biltzeko eskatu du.
"PPrentzat ez den boto oro, Sanchez presidente izendatzea ahalbidetuko du, eta Sanchezek guztioi egin digu traizio, ez da inorekin ezer adosteko gai izan eta blokeoaren sinbolo bilakatu da", azaldu du Sevillan egindako ekitaldi batean.
Halaber, "PP inoiz baino indartsuago" bueltatu dela ziurtatu du. "Espainiak benetako gobernua behar du independentismoari aurre egiteko eta krisi ekonomikoa saihesteko, eta gu espainiar guztientzat gobernatzeko prest gaude", esan du.
Ciudadanosek inkestek aurreikusitako emaitza txarrei buelta emateko asmoarekin abiatu du hauteskunde-kanpaina, eta Albert Riverak ziurtatu du alderdi laranjak "ezustekoa" emango duela eta "geldiezina" izango dela.
"Gure alde, nire alde, Ciudadanosen alde bozkatzeko eskatzen dizuet", adierazi du. Espainiako Gobernuko presidente izan nahi duela esan du, besteak beste, Estatuan hainbat erreforma egin behar direlako.
"Jende normalaren presidentea izango naiz, kaltetuena, eta Torrarekin behin bakarrik hitz egingo dut, eta Konstituzioa betetzen ez badu kargutik kenduko dudala esateko izango da", nabarmendu du.
Irene Montero Unidas Podemosen Kongresuko bozeramaileak koalizioaren alde botoa ematen jarraitzeko deia egin du, laugarren hauteskundeen ostean Estatuak behar dituen aldaketak irits daitezen. Gainera, "alderdibitasun zaharrari" ez dutela etsiko ohartarazi dio.
Kartelak itsasteko egin duten kanpaina hasierako ekitaldian Podemosen ‘bigarrenak’ azaldu duenez, Espainiako Gobernuak Unidas Podemosen beharra du "oraindik exhumatu ez den frankismoan" oinarri duen “botere egitura ukitzeko”.
“Berdintasuna egon dadin, enplegu egonkorra egon dadin, behin behinekotasunik egon ez dadin, klima aldaketari aurre egin diezaiogun, botere egitura ukitu behar da”, berretsi du.
Bestalde, Santiago Abascal Voxen presidentegaiak "aukera patriotiko nagusia" bere alderdia izango dela esan du, espainiarren gehiengoak nahi duena ordezkatzen duela eta Espainiak larrialdi nazionala bizi duela iritzi diolako.
La Farga de L'Hospitalet de Llobregaten (Bartzelona) egindako ekitaldian 2.000 jarraitzaile inguru bildu ditu alderdi ultraeskuindarrak. Kataluniari dagokionez hain zuzen ere, Abascalek adierazi du Kataluniak eta Estatu osoak "aparteko larritasun" unea bizi dutela, eta bere alderdia dela ordena konstituzionala eta Espainiaren batasuna babesten dituen alderdi bakarra.
Voxen buruzagiarentzat, Katalunian etengabeko Estatu kolpea ari dira ematen; horregatik, gobernura iritsiz gero, lehenengo neurria 155a ezartzea eta "Quim Torra CDRen burua atxilotzeko agindua ematea" izango dela jakinarazi du.