Kanpainaren 1. eguna
Casadok uste du Sanchezek Podemosekin eta independentistekin egin nahi duela ituna
agentziak
EAJk PSOEren aurka jo du Memoria Historikoa dela eta, Sanchezek ziurtatu du ez duela PPrekin bat egingo, Podemosek "koalizio handia"z ohartarazi du, eta EH Bilduk Araban PPri atea ixtea eskatu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aitor Esteban Kongresurako Bizkaiko hautagaiak esan du Sekretu Ofizialen legearen (frankismoan onartua) erreforma izango dela datorren legegintzaldiko "kotoiaren proba", eta PSOEri "sekretu horiek azaleratzeko" eskatu dio.
Bilboko Artxanda parkean, Gerra Zibileko gudarien omenezko eskulturaren aldamenean, egin du ekitaldia EAJk, eta Estebanek "lotsagarri" jo du gaur egun Sekretu Ofizialen legeak indarrean jarraitzea.
Gogorarazi duenez, EAJk behin baino gehiagotan proposatu du Kongresuan aipatu legea aldatzea, baina ezin izan dute erreforma egin "PPk, Ciudadanosek eta PSOEk ez zutelako eztabaidatu nahi". Hala ere, Estebanek aurreratu du erreformarako proiektua aurkeztuko duela, eta horixe izango dela legegintzaldiaren "kotoizko proba".
Hautagai jeltzaleak espero du sozialistek "arduraz jokatu eta sekretuak azaleratuko dituztela".
Estebanek esan du hamaika arazo izaten dituztela lege horrengatik Trantsizioko edo otsailak 23ko Estatu kolpeko informazioa eskatzen dutenean. Azaldu duenez, Kongresuko batzorde batek Trantsizioan torturen inguruan egin zuen txosten bat eskatu ostean, "3.000-4.000 orri" bidali zizkioten, eta norbaitek "izenak orriz orri ezabatu" zituen.
Bestalde, Estebanek azpimarratu du "eskuindarrak hegalak zabalduta itzuli" direla.
Ciudadanos
Ciudadanos Euskadik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendaburuak aurkeztu zituen atzo Gasteizen. Luis Gordillo alderdiaren EAEko bozeramaileak hitz egin zuen ekitaldian, eta esan zuen Ciudadanos dela "Euskadin konstituzionalistek duten baliabide bakarra", "nazkatuta" daudelako "EAJren kudeaketa txarraz".
Mas Pais
Txema Urkijo Mas Pais-Euskadi Eraikiren Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak esan du "suminduen, atsekabetuen eta etsituen" aukera dela. Gainera, Gobernu aurrerakoia "berehala" osatzea eskatu du, lurralde politikaren "arazo larria elkarrizketatik eta lasaitasunez" konpontzeko.