Kanpainaren 2. eguna
Bel Pozuetak (EH Bildu) injustizien eta murrizketen aurka egingo duela hitzeman du
agentziak | erredakzioa
Navarra Sumak nafarren % 40 iraintzea leporatu dio Sanchezi, PSNk "proiektu sozialista indartzea" eskatu du, eta Unidas Podemosek lan erreforma bertan behera uztea eskatu du.
Azaroaren 10eko hauteskunde orokorretarako kanpainaren bigarren egunean, hautagai nafarrak mokoka aritu dira Nafarroaren estatusari buruz, Gobernu ereduaz, bizikidetzaz eta enpleguaz eztabaidatzen.
Navarra Suma
Tuteran, Javier Esparza UPNren presidente eta Navarra Sumaren bozeramaileak "nafarren % 40a iraintzeko ekitaldi bat antolatzea" leporatu dio Pedro Sanchez, atzo egin zuen ekitaldiaren harira. Era berean, "Nafarroak Espainiaren batasunarentzat duen garrantzia" ez duela aintzat hartzen eta horregatik ezin duela presidente izan azpimarratu du.
Esparzaren arabera, PSNk, PSOEk eta Pedro Sanchezek "ez dakite" Nafarroa zein garrantzitsua den "proiektu komun batean".
Horregatik, Sanchezi Nafarroa entregatzea leporatu dio, "Madrilen EAJren babesa lortzeko truke txanpon gisa", eta Chivite presidenteari "eserlekuarengatik" hori onartzea egotzi dio.
PSN
Toni Magdaleno Senaturako PSNren hautagaiak, bere aldetik, mobilizaziorako deia egin du Espainiako Estatuak Pedro Sanchezen "proiektu sozialista indartzeko beharra" duelako, proiektu "aurrerakoia, bizikidetzaren aldekoa, barne hartzailea, eta justizia sozialaren aldekoa".
"Orain, aukeren garaia da, gutxieneko soldata igotzen jarraitzeko eta kalitatezko enplegu duina defendatzeko, baita negozio propioa abian jarri nahi duten langileentzako ere", adierazi du, Sanchezek azken 16 hileotan hartutako neurriak zerrendatu aurretik. Horren harira, eskuindarrak "herrialdea blokeatzeko, eta Espainiako politika sozial guztietan atzera egiteko" daudela gaineratu du.
Unidas Podemos
Unidas Podemosek Iruñean egin duen ekitaldian lan prekarietatea izan du hizpide nagusi, eta Ione Belarra Kongresurako hautagaiak lan erreforma bertan behera uzteko beharra aldarrikatu du "lan-harreman egonkorrak edukitzeko modu bakar" gisa, gazteen kasuan batez ere.
"Pedro Sanchezen esanak izan duen balio galera kontuan izanda, mundu guztiak badaki Unidos Podemos Gobernuan egotea dela lan erreforma bertan behera geratzeko berme bakarra", adierazi du.
EH Bildu
EH Bildutik, Bel Pozueta Kongresurako zerrendaburuak Otsagabian esan du azaroaren 10eko bozak "Euskal Herrian eta Katalunian batez ere izan diren mugimendu inboluzionistak eta eskubide murrizketak salatzeko mobilizazioen ostean" izango direla; eta horregatik, "injustiziak eragiten duen sumindura botoetan bihurtzeko aukera paregabea" dela.
"Estatua egiten ari den injustiziak gelditzeko, erantzun demokratikorako mugimendua botoen bitartez sortzeko unea da", adierazi du, hauteskundeak "Estatutik datozen injustiziei erantzuteko aukera" direla berretsi aurretik.
Geroa Bai
Geroa Baitik, Maria Solana Kongresurako hautagaiak lauko Nafarroako Gobernuak aurrera eramandako politikak balioetsi ditu, memoria historikoaren alorrean adibidez, eta gogor kritikatu du beste batzuek ezer egin nahi ez izatea.