EAE - 6. eguna
PPk 'ekonomiaren eta lurraldearen egonkortasuna' defendatuko du
agentziak
PSE-EEk "zalantzatien" botoa eskatu du, Elkarrekin Podemosek PP-PSOE koalizioa "egitate bat" dela ohartarazi du, EH Bilduk berriz ere PP hutsean uztea espero du, eta PPk enplegu galera deitoratu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EAJk "fiskalitate berdea" proposatu du industriarako, botoak PSOEn pilatzea eskatu du PSE-EEk, Elkarrekin Podemos alternatiba ekologista gisa aurkeztu da, eta EH Bilduk bidegabekerien aurkako botoa eskatu du.
Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile eta azaroaren 10eko hauteskunde orokorretarako Bizkaiko zerrendaburuak Estatu mailako funts bat sortzea proposatu du, trantsizio energetikoaren erronkari "pixkanaka-pixkanaka" aurre egiteko, industria sektorearekin elkarlanean, batez ere automobilgintzan.
EAJk mugikortasunari eta ingurumenari buruzko ekitaldi politikoa egin du asteazken honetan, Gasteizen, eta bertan, Estebanek deitoratu egin du Espainiako agintari politiko nagusien "ardura" faltak hauteskunde errepikapen horretara eraman izana.
Automobilgintzak EAEn duen garrantzia azpimarratu du Estebanek, eta gogorarazi du sektore hori dela EAEko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %25, eta 40.000 enplegu zuzen azpisektore horretako enpresen menpe daudela.
"Industria zaindu egin behar da, eta guk emaitzak eskaintzen ditugu", nabarmendu du. Ondoren, Estebanek gogora ekarri du EAJk, 2017ko aurrekontuen negoziazioan, PPren Gobernu zentralarekin EAEko industriari aplikatutako tarifa elektrikoa "diskriminatzailea" jaistea lortu zuela.
Elkarrekin Podemoseko hautagaiak esan du bere alderdia dela Euskadiren interesak defendatzen dituen bakarra, Kongresuan talde "handi" batekin.
"Union Podemos da bipartidismoaren tapoitik atera gaitzakeena, aurrera egiteko, nazioaniztasuna lortzeko, eskubideak berreskuratzeko eta planeta babesteko gobernu batera irits daitekeen bakarra", gaineratu du.
EH Bildu
Datorren igandeko hauteskundeetan euskal gazteriak "Estatutik datozen bidegabekeriei erantzuteko aukera" duela esan du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Iruñean.
"Hauteskunde hauek Estatutik etorritako bidegabekeriei erantzuteko tresna gisa ulertu behar dira, Altsasuko gazteen kasuan bezala", adierazi du Otegik Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako ekitaldi politikoan.
Hori dela eta, Otegik azpimarratu duenez, "euskal gazte bakar baten botoa ezin da etxean geratu, horrek inboluzio antidemokratikoan sakondu eta gure eskubideak eta askatasunak murriztu nahi dituztenei bakarrik egingo baitie mesede".
EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ustez, "Estatuaren inboluzioa" ez da berria: "Gure gazteek jasan duten Mozal Legearen bidez praktikan jartzen ari ziren".
PP
Iñigo Arcauz Kongresurako PPren Gipuzkoako zerrendaburuak adierazi du bere alderdiak "Gipuzkoa ausardiaz, konplexurik gabe" defendatuko duela, "Sabin Etxearen tutoretzapean" dagoen EAJri kontra eginez. "Gipuzkoan zentratuko gara, pertsonengan, haien interesak defendatuko ditugu interes alderdikoien gainetik, nazionalismoan ez bezala, ekonomiaren eta lurraldearen egonkortasunaren alde eginez", adierazi du.
Irungo egindako ekitaldi batean, Arcauzek "egungo lege esparrua, Konstituzioa, Kontzertu Ekonomikoa eta Foruak" defendatu ditu.
Besteak
Recortes 0-Grupo Verdek dio pentsioak konstituzioan babestu behar direla.