A10 HAUTESKUNDEAK
EAEko posta bidezko botoak erdira jaitsi dira, A28arekin alderatuz
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Correosek argitara atera ditu bildutako datuak eta adierazi du, oraingoz, Espainia osoan 900.188 pertsonek bozkatu dutela posta bidez.
Correosek igande honetako hauteskunde orokorretarako posta bidez bozkatu duten EAEko 44.801 pertsonen botoak ditu dagoeneko. Apirilaren 28ko hauteskundeetan 83.035 boto izan zituen epe berean.
Aipatzekoa da Araban zubia izan zela eta horrek bozkatzeko modu horren erabilera nabarmenki haztea eragin zuela. Hori dela eta, apirileko hauteskunde orokorretan Correosek 28.198 arabarren botoak izan zituen epe berean. Orain, 6.918 boto jaso ditu. Beste bi probintzietan ere boto gehiago bildu zituzten apirileko hauteskundeetan.
Bizkaia da A10eko hauteskundeetarako boto gehien bildu dituena. Correosek 25.069 boto jaso ditu; apirilean, aldiz, 37.433. Gipuzkoatik 12.814 boto bidali dituzte dagoeneko. Apirilean 17.404 izan ziren.
Correosek argitara atera ditu bildutako datuak, eta adierazi du, oraingoz, 900.188 pertsonek bozkatu dutela Espainia osoan posta bidez. Apirileko hauteskundeetan 1.222.937 pertsonara iritsi zen, Espainiako demokraziako bigarren daturik altuena.
Zenbaki horiei 14:00ak arte bidalitakoak gehitu behar zaizkie, baita atzerrian bizi diren euskal herritarrenak ere.