DATUAK
% 56,86ko parte-hartzea izan da 18:00ak arte Estatuan, A28an baino 4 puntu gutxiago
EITB.EUS
Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, 19,7 milioi pertsonak eman dute gaur botoa 18:00ak arte. EAEn, 2,5 puntukoa izan da jaitsiera, eta Nafarroan, 4,4 puntukoa.
Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, 19,7 milioi pertsonak eman dute botoa 18:00ak arte Espainiako Estatuan, azaroaren 10eko hauteskunde orokor hauetan, botoa ematera deitutako boto-emaileen % 56,86k, alegia.
2019eko apirileko hauteskundeetan, Espainiako Estatuko boto-emaileen % 60,74k eman zuten botoa ordu horretarako; beraz, ia 4 puntu txikiagoa da parte-hartzearen datua. Apirilaren 28an, 21.137.000 pertsonak eman zuten botoa 18:00etarako; oraingo hauteskundeetan, 19.700.000 boto-emailek eman dute.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, gaur % 57,60koa izan da parte-hartzearen datua 18:00etan, eta % 60,05ekoa izan zen A28an; beraz, ia 2,5 puntuko jaitsiera izan da.
Araban, 5 puntu igo da parte-hartzea: % 55,10ek eman dute gaur botoa ordu horretarako, eta % 51,08k eman zuten apirilean. Bizkaian, 3,5 puntu jaitsi da; izan ere, % 58,81ek eman dute botoa gaur 18:00etarako, eta % 62,34k eman zuten apirilean. Gipuzkoan, berriz, 3,2 puntu egin du behera parte-hartzeak: % 56,81ek eman dute botoa gaur, eta % 60,03k eman zuten apirilean.
Nafarroan, % 56,45ekoa izan da parte-hartzearen datua, apirilean baino 4,44 puntu txikiagoa, % 60,89koa izan baitzen orduan.
14:00etako datuak
Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, 13,2 milioi pertsonak eman dute botoa 14:00ak arte azaroaren 10eko hauteskunde orokor hauetan, botoa ematera deitutako boto-emaileen % 37,93k, alegia.
Apirileko hauteskundeetan, Espainiako Estatuko boto-emaileen % 41,49k eman zuten botoa ordu horretarako; beraz, gaurkoan 3,56 puntu txikiagoa izan da parte-hartzearen datua 14:00etarako. Apirilaren 28an, 14.437.177 pertsonak eman zuten botoa 14:00etarako; oraingoan, 13.220.000 boto-emaile joan dira botoa ematera ordu horretarako.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, parte-hartzea % 40,18koa izan da 14:00etan, eta % 41,75ekoa izan zen A28an; beraz, 1,57 puntuko jaitsiera izan du.
Araban, igo egin da parte-hartzea: % 37,80k eman dute gaur botoa, eta % 36,94k eman zuten apirilean. Bizkaian, puntu bat jaitsi da: % 41ek eman dute botoa gaur, eta % 42,2k eman zuten ordu horretarako apirilean. Gipuzkoan, berriz, ia 3 puntu egin du behera parte-hartzeak: % 39,91k eman dute botoa gaur; % 42,81ek eman zuten apirilean.
Nafarroan, % 39,41ekoa izan da parte-hartzearen datua, apirilean baino 4 puntu txikiagoa, % 43,79koa izan baitzen orduan.