Emaitzak
Navarra Sumak bi eserleku lortu ditu Nafarroan, eta EH Bilduk bat
eitb.eus
EH Bildu hirugarren indarra da, botoen % 16,97 eskuratuta, eta Elkarrekin Podemos laugarrena. Geroa Bai, berriz, ordezkaririk gabe geratu da berriro, Vox bezalaxe.
Navarra Suma koalizioa (UPN, Ciudadanos eta PP) izan da indar bozkatuena Foru Erkidegoan igande honetan, A10eko hauteskunde orokorretan, eta jokoan zeuden bost diputatuetatik bi lortu ditu, apirileko hauteskundeetan bezala, botoen % 98,93 zenbatuta.
Horrela, PSNk ordezkari bat galdu du aurreko hauteskundeetako datuekin alderatuta, baina bigarren indarra izateari eutsi dio. EH Bilduk, berriz, eserleku bat lortu du (apirilean ez zuen bat bera ere lortu Nafarroan), eta Elkarrekin Podemosek apirilean lortu zuen ordezkariari eutsi dio. Geroa Bai, berriz, ordezkaririk gabe geratu da berriro, Vox bezalaxe.
Zehazki, Navarra Sumak botoen % 29,59 lortu ditu, eta PSNk, % 25,04. EH Bildu hirugarren indarra da, botoen % 16,97 eskuratuta, eta Elkarrekin Podemos, laugarrena (% 16,62). Voxek botoen % 5,61 eskuratu ditu, eta ez du ordezkaririk izango, ezta Geroa Baik ere (% 3,81).
Bestalde, % 69,26ko parte-hartzea izan da, aurreko hauteskundeetan baino ia lau puntu gutxiago, eta abstentzioa % 30,74koa izan da.