Profila
Hillary Clinton, porrotaren bidetik garaipenaren atariraino
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2008an saiatu zen eta porrot egin zuen, primarioak gutxigatik irabazi zituen eta orain FBIren ikerketapean dago, baina Clintoni AEBko lehen emakumezko presidentea izateko urrats bakarra falta zaio.
1992 urteko hauteskunde kanpainan, bere hautagaitzaren alde eginda, hautesleek "bi hautagai" babestuko zituztela azaldu zuen Bill Clinton presidentegai demokratak. Beste hautagaia Hillary emaztea zen, gerora AEBko lehen dama izango zena. Oraingoan, bera da hautagai nagusia, ez senarra, herrialdeko presidentea izateko abiatutako bigarren ahaleginean.
"Beraren alde bozkatzen baduzue, ni ere izango nauzue", esan zuen Hillary Clintonek 1992ko kanpaina hartan. Harrezkero, Chicagoko abokatu hau lehen dama, senatari eta Estatu idazkari izan da. Erronka ez da makala: AEBko lehen emakumezko presidentea izatea, historiako lehen presidente beltzaren ostean.
2008ko hauteskundeetan ere lehiatu zen, baina primarioetan porrot egin zuen Barack Obama alderdikidearen aurrean. Zortzi urte joan dira, eta Clinton amona da orain. "Amona izateak oinordetzan jasotzen dugun munduan dugun kudeatzaile erantzukizunari buruz hausnartzera bultzatu nau; amona izateak erritmoa bizkortzera bultzatu nau", adierazi du, Hard Choices autobiografian. Presidente izango balitz, AEBko historiako bigarren edadetuena izango litzateke.
FBIren ikerketapean
Hillary Clintonek inoiz baino hurbilago dauka AEBko presidentetza eskuratzen duen lehen emakumea izatea.
Bere ibilbidean porrot eta kolpe ugari hartu ditu, baina diziplina eta borroka uztartuta, aurrera egiten jakin du.
Alderdi Demokrataren primarioak ez zituen ondo hasi. Iowan Berni Sanders gutxigatik gainditu zuen eta New Hampshiren Sandersek aise garaitu zuen Clinton. 2008ko porrota errepikatu zitekeela pentsatu zuen orduan.
Hori gutxi ez eta, ibilbide elektoralean murgilduta zegoenean, eskandalua piztu zen: AEBko Estatu idazkari izan zen urteetan (2009-2013) bere helbide elektroniko pertsonala lanerako erabili zuela publikatu zuten zenbait hedabidek.
Uztailean, Alderdi Demokrataren Batzar Nazionala baino aste batzuk lehenago, Justiziak ez auzipetzea erabaki zuen. Baina hauteskunde kanpaina amaitzear dela, FBIk berriro abiarazi du ikerketa, Clintonekin lotutako beste posta elektroniko batzuk atzeman dituztela eta.
Irudia aldatzeko kanpaina
Hillary Clinton 90eko hamarkadatik da ezaguna AEBn, hots, Bill senarraren kanpainetan agertzen zenetik. Urte horietan, atzapar handiak dituen katu bat bezala margotzen zuten egunkarietako karikaturetan, zorrotz eta hotz ospea baitu.
Horregatik, hauteskunde kanpainan bihozbera agertzen saiatuko da, Yuri Morejon politologo bilbotarrak Radio Euskadin azaldu duenez. Hillary Clintoni buruzko dokumental baten (El lado humano de una lider) egilea da, eta hautagai demokrataren helburua krisiari aurre egiten ari diren klase ertaineko herritarrak izango direla iritzi dio.
Dena dela, gutxiengoei ere erreparatu beharko die. "Hauteskundeak irabazteko, beltzak, emakume ezkongabeak eta hispanoak mobilizatu beharko ditu", gaineratu du.
Hillary Clintonen izaera ulertzeko, horren sustraiei erreparatu behar zaie. Chicagoko auzo aberats batean jaio eta hezi zen, klase ertain-altuko familia kontserbadore eta metodista batean, eta gurasoek irakatsi zioten koldarkeria eta ahultasuna alboratu egin behar direla.
Nortasun zorrotz eta indartsu horri esker, Hillary Clintonek hainbat arazori eta ekaitz pertsonali aurre egin die, eta gainditu egin ditu. Horietako bat 1998an izan zen, senarrak, Bill Clinton presidenteak, Monica Lewinsky bekadunarekin sexu harremanak izan zituela aitortu zuenean. Lehen damak barkatu egin zuen, eta senarrarekin jarraitzea erabaki zuen.
Hillaryk eta Billek 1971n ezagutu zuten elkar, Yaleko Unibertsitateko (Connecticut) Zuzenbide fakultatean. Ohikoa ez den bezala, emakumezkoak hartu zuen aurrea, eta zera esan zion gizonezkoari: "Horrela begiratzen banauzu, elkar ezagutu beharko dugu".
1975ean ezkondu ziren, eta orduan beste independentzia keinu bat egin zuen: ez zuen abizena aldatu. Handik eta hainbat urtetara egin behar izan zuen, baina, Arkansasko herritarrek presio egin baitzioten.
1993an, lehen dama egin zenean, garbi azaldu zuen: "ez naiz izango zeregin bakarrak gailetak egitea eta tea edatea dituzten horietakoa". Aski erakutsi du.