Itxi

Dokumentazioa

AEBko hauteskunde sistema: Zergatik ez du beti bozkatuenak irabazten?

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Estatu Batuetako presidente izateko ez da ezinbestekoa hautagai bozkatuena izatea. Garrantzitsuena Hauteskunde Kolegioan gehiengoa izatea da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hillary Clinton demokrata eta Donald Trump errepublikanoa estatubatuarren botoak eskuratzeko lehian ari dira, baina Ameriketako Estatu Batuetako presidentea Hauteskunde Kolegioak aukeratzen du.

AEBko hauteskunde sistemak 229 urte ditu. Estatubatuarrek ez dute zuzenean hautatzen presidentea. Eginkizun hori Hauteskunde Kolegioari dagokio, baita presidenteordea aukeratzea ere. Estatu guztietako 538 ordezkariz osatutako batzordea da. Ordezkari horiek erabakiko dute, boto bidez eta estatubatuar guztien izenean, AEBko presidente berria.

Hauteskunde Kolegioa 1787an sortu zuten AEBko Konstituzioaren egileek, herritarrek boto zuzen bidez presidentea aukeratzea baztertuta, estatu txikiak handien aurrean babesteko argudioarekin.

Hauteskunde Kolegioan estatu bakoitzari dagokion ordezkari kopurua bat dator estatu horrek dituen senatari eta kongresista kopuruarekin. AEBko Kongresuan 435 eserleku daude eta Senatuan 100. Gainera, Columbiako Barrutiak beste hiru delegatu ditu. Beraz, guztira, 538 ordezkariz dago osatuta Hauteskunde Kolegioa.

Horrenbestez, hautagaiek 270 boto eskuratu behar dituzte batzorde horretan AEBko presidente izateko.

Boto gehien dituzten estatuak hauek dira: Kalifornia (55), Texas (38), Florida (29), New York (29), Pennsylvania (20), Illinois (20) eta Ohio (18).

Gauzak horrela, berdin dio estatu batean irabazten duen hautagai batek milioi bat botoko tartearekin edo boto bakarraren aldearekin irabazten duen, estatu horretako ordezkari guztiak bereak izango baitira Hauteskunde Kolegioan.

Demagun hautagaietako bat gailentzen dela Kalifornian, Hauteskunde Kolegioan kaliforniarrak ordezkatuko dituzten 55 hautesleak bereak izango dira.

Beti ez du hautagai bozkatuenak irabazten

Ohikoena da Hauteskunde Kolegioak eta estatubatuarrek bozkatutakoa bat etortzea. Baina Ameriketako Estatu Batuetako historian hauteskundeak galdu dituzten lau presidente izan dira:

- 1824an, John Quincy Adams hautagaiak Andrew Jacksonek baino 38.000 boto gutxiago eskuratu zituen, baina Etxe Zurira heltzea lortu zuen.

- 1876an, Rutherford B. Hayesek boto bakarraren aldearekin irabazi zuen Hauteskunde Kolegioko bozketa. Hauteskundeetan Samuel T. Tildenek baino 264.000 boto gutxiago eskuratu zituen.

- 1888an, Hautskunde Kolegioak Benjamin Harrison izendatu zuen AEBko presidente, hauteskundeak Grover Clevelandek irabazi bazituen ere.

- 2000. urtean, George W. Bushek % 0,51ko aldeagatik galdu zuen Al Gorerekin izan zuen lehia hauteskundeetan, baina Hauteskunde Kolegioan 271 boto lortu zituen eta presidente izendatu zuten.

Berdinketa egonez gero edo hautagai bakar batek ere ez badu gehiengoa lortzen, Ordezkarien Ganberak aukeratu beharko du presidentea nork izan behar duen, boto bidez. Presidenteordea, berriz, Senatuak izendatuko du.

Beheko Ganberak bi presidente soilik aukeratu ditu: 1801ean, Thomas Jefferson, eta 1825ean, John Quincy Adams.

Hauteskunde sistema hau erabiltzen duen herrialde bakarra da AEB. Aditu askok kritikatu dute sistema hori, Estatuko buruzagitzara hauteskundeak irabazi gabe heltzea ahalbidetzen duelako.

Hau da, batzuek bereizgarritzat jotzen dutena, besteek gabezia demokratikoa dela salatzen dute.

 

Bideoak (1)