profila
Trump, bulego obalera heldu nahi zuen enpresari aseezina
eitb.eus
4.500 milioi dolarreko ondasuna dauka (10.000 milioikoa bere esanetan), eta mundua zutik jartzea lortu du, aldekoen zein kontrakoen aldetik.
Donald Jhon Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente hautetsiaa, azaroaren 8ko hauteskundeetan, enpresari aberats ezagun bat da eta bere izaera eta izena mundu guztian zehar zabaltzea lortu du.
1946ko ekainaren 14an jaio zen, Queens New Yorkeko auzoan. Bost anai-arreba ziren guztira, eta gurasoak Fred Trump alemaniar jatorrizko eraikitzailea eta Mary MacLeod eskoziar jatorriko etxekoandrea ziren.
Trumpek 1964an bukatu zituen erdi mailako ikasketak, akademia militar batean.
1968an, enpresariak Ekonomia ikasketak amaitu zituen, Pensilvaniako Unibertsitateko Wharton Eskolan, eta Elisabeth Trump & Son familiaren enpresako gidaritza hartzeko hautagairik egokienean bihurtu zen. Enpresak erdi mailako eraikinak alokatzen zituen Brooklyn, Queens eta Staten Island auzo newyorktarretan.
Hala, 1971an, Trumpek konpainiaren zuzendaritza eskuratu zuen eta izena aldatu zion: The Trump Organization. Ondoren, Manhattanera joan zen bizitzera, ospearen bila. Bilatu eta aurkitu egin zuen, proiektu arranditsuak, autobonboa, erdi egiak esanda eta hedabideekin harreman liskartsua izatea lortu eta gero.
"Jendearen fantasiekin jolasten dut", adierazi du Trumpek egindako memorietan. Bere ustean, hiperbolea da gauzak "handizkatzeko modu inuzente bat" da, eta "promozioa egiteko oso modu eraginkorra". Filosofia horri eutsi dio -izan ere- bai enpresa munduan, baita politikan ere.
Gauzak horrela, enpresariak lan handi eta ikusgarriak egin zituen Manhattanen, adibidez, Trump Dorrea: 58 solairuko etxe orratza, Bosgarren Etorbidean, eta barruan ur-jausia duena. Hain zuzen, eraikin horretan abiarazi zuen kanpaina.
Ordezkari errepublikanoak inperio handi eta zabala eraiki du urteetan zehar, besteak beste, hotelez, golf zelaiez eta kasinoez osatuta. Azken horrek lau aldiz egin du porrot, nahiz eta Trumpek "arrakastatsua" izan dela esaten duen.
Forbes aldizkariaren arabera, errepublikanoak 4.500 milioi dolarreko ondasuna dauka, baina Trumpek dio benetan 10.000 milioikoa dela.
Hiru aldiz ezkondu da, eta izan dituen bi dibortzioak (Ivana Zelnickova Txekiako modeloarekin 1991ean eta Marla Maples aktore estatubatuarrarekin 1999an) entzute handikoak izan dira. Trumpen bizitza pertsonala ibilbide profesionala bezain gorabeheratsua izan da, prentsa arrosaren gozamenerako.
2005etik, Melania Knauss (46 urte) Esloveniako modeloarekin -estatubatuarra gaur egun- ezkonduta dago.
Polemika askoren iturburu izan da Trump, hona hemen horietako batzuen zerrenda bat:
Aurtengo otsailean, Trumpek zera esan zuen Frantzisko aita santuari buruz: ?politikari bat? da, eta, migrazioaren arazoaren kasuan, ?Mexikoko Gobernuaren zerbitzura dago?.
Maiatzean, Trumpen abizena zerga paradisuetan dauden eta Panamako Paperetan agertzen diren 32 enpresarekin lotuta agertu zen.
Udaren ostean plazaratutako bideo batean Trumpek emakumeei nahi duena egiten saiatzen dela azaltzen zuen. "Oso famatua zarenean nahi duzuna egiten uzten dizutelako", zioen.
Handik gutxira, energia gehiago edukitzeko drogak hartzea eta hautesleen "buruak pozoitzea", besteak beste, Trumpi gehiegikeria sexualak egotzi dizkioten emakumeen gezurrak bultzatzeko aurpegiratu zion Hillary Clintoni.
Azkenik, inkestek, galdeketek eta analista politikoek iragarritako zapuztu du Donald Trumpek eta, hemendik aurrera, lau urtez ikusiko dugu nazioarteko lehen mailako politikan.