AEB-KO HAUTESKUNDEAK
Melania Trump, amerikar ametsaren irudia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jaiotzez esloveniarra, senarraren diskurtso xenofoboari buruz galdetu izan diotenean, Melaniak beti esan du 'legea errespetatuz eta arauak betez' iritsi zela bera AEBra.
Melania Trumpek hartuko du Michelle Obamaren lekukoa. AEBko hauteskundeak Donald Trump errepublikanoak irabazita, amerikar ametsa bete du Melaniak: Esloveniako herri txiki batean jaio, moda munduan bidea egiten hasi eta boterearen gorenera iritsi da, Ameriketako Estatu Batuetako Etxe Zurira.
46 urteko emakumea bere senarraren antitesia da, izaerari dagokionez, adituen iritzian. Ahal dela, bigarren lerroan egon da beti, polemiketatik urruti. Hitz egin duen apurretan, tonu oso apala erabili izan du. Immigrantea eta AEBko lehen dama izango den historiako bigarren emakumea izango da: bere eginkizun berrian tradizioari eutsiko diola uste da.
Duela hamaika urte ezkondu zen Donald Trumpekin, eta senarraren itzalean egon da ordutik. Hautagai errepublikanoaren alaba zaharrenari, Ivankari, utzi dio Melaniak protagonismo osoa agerraldi ia guztietan. Trumpek bere lehen emaztearekin izandako alaba zaharrena da Ivanka, eta aitaren aholkularia da.
Kanpainan egin zuen agerraldi bakanetakoan, hautsak harrotu zituen Melaniaren mitinak, Michelle Obamak 2008an esandakoak plagiatu zituelakoan.
Hedabideetan eman dituen elkarrizketetan, oso sotil agertu izan da, hitz guztiak ondo neurtuz. Emazte eta ama tradizionaltzat definitu izan du bere burua.
AEBko lehen dama guztiek egin ohi duten bezala, Melaniak ere gai jakin bat aukeratu zuen hasieratik, elkartasun mezuak zabaltzeko: behartsuenak izan ditu hizpide, emakumeak eta haurrak bereziki. Dena dela, bere agerraldietan argi utzi du bere denbora Barron hamar urteko semeari eta senarrari eskainiko diola.
Sevnica eskualdeko apartamentu xume batean bizitakoa, Milanen eta Parisen eman zituen modelo gisa lehen urratsak. Handik, New Yorkera joan zen 1996an. Bost urte geroago, egoitza-baimena eskuratu zuen, eta 2006an, estatubatuar nazionalitatea.
Senarraren diskurtso xenofoboari eta arrazistari buruz galdetu izan diotenean, Melaniak beti esan du "legea errespetatuz eta arauak betez" iritsi zela bera AEBra.
> >