Azaroaren 8-a eta gero
Obama: 'Kezkatuta ote nagoen Trump dela eta? Erabat'
agentziak
Jarduneko presidenteak esan duenez, Trumpen "izaeraren alde batzuk" ez zaizkio "lagungarriak izango" Etxe Zurian. Guantanamoren inguruan, esan du ezin izan duela espetxe "madarikatua" itxi.
Barack Obama AEBko jarduneko presidenteak aitortu egin du "erabat" kezkatuta dagoela Donald Trump presidente hautetsiaren Presidentetzak herrialdean sor litzakeen ondorioengatik.
"Kezkatuta ote nagoen Trumpen Presidentetzagatik? Erabat", esan du Obamak azaroaren 8ko presidentetza-hauteskundeen ostean egindako lehen prentsaurrekoan. Agerraldian, Etxe Zuriaren trantsizioaz eta gaur, asteartean, hasitako azken nazioarteko bilera sortaz aritu da.
"Gobernu federala eta gure demokrazia ez dira txalupa arin bat, transatlantiko bat dira. Lan handia eskatu du, lehen bi urteetan ere bai. Zenbait konpromiso hartu baino lehen hausnarketa sakona egitea aholkatu nion", azaldu du Obamak.
Presidentearen esanetan, gainera, Donald Trumpen "izaeraren alde batzuk" ez zaizkio "lagungarriak izango" Etxe Zurian, "onartu eta zuzendu ezean".
"Argi dago hautesleen antsietatea eta gogoak ulertzeko gauza izan zela, modu ikaragarrian", onartu du.
"Gauzek okerrera eginez gero (Trumpen agintepean), herri estatubatuarra berehala ohartuko da. Hobera egiten badute, lehenengoa izango naiz zoriontzen", gaineratu duenez.
Gainera, Obamak azaldu duenaren arabera, behin eta berriz esan dio enpresaburuari "batasuna agertu" behar duela, nazio gisa, kanpainan banaketa irudikatu eta gero.
"Jendaurrean esan bezala, kanpainen izaeragatik, mingotsak eta bortitzak, batasuna agertzea oso garrantzitsua dela esan nion, bai eta talde txikienganaino, emakumeenganaino eta kanpainagatik kezkatuta daudenenaganaino heltzen saiatzea ere", erantsi du.
"Gauzek hobera egingo dutenen itxaropena dut", azpimarratu du, halere, jarduneko presidenteak, ordubete inguruko prentsaurrekoa bukatu zuenean.
Guantanamo
Bestalde, Obamak penagarritzat jo du Guantanamoko Ontzi Baseko (Kuba) espetxe "madarikatua" ixtea lortu ez izana. Orain berandu da itxiera gauzatzeko eta Donald Trumpek hitza eman du mantendu eta handitu egingo duela.
"Guantanamori dagokionez, egia da ez naizela gauza madarikatu hori ixteko gai izan, Kongresuak inposatutako mugengatik. Egia da, baita ere, preso kopurua zeharo murriztu egin dugula", ziurtatu du Obamak.
>
>