Itxi

AEB-etako hauteskundeak

AEBen hauteskunde sistema: Zergatik ez da beti bozkatuena presidente?

Jesus Torquemada

Historian lautan, bi hautagai nagusien artean boto gutxien lortu dituena izendatu dute presidente.

Emakume bat bozkatzen New Hampshire estatuan, 2008ko hauteskundeetan. EITB

AEBetako hauteskunde sistema ondo ulertzeko, jakin beharreko gauza inportanteena zera da, presidentea ez dutela estatubatuar guztiek aldi berean hautatzen, Estatuz Estatu egiten dutela.

Irabazlea ez da herrialde osoan boto gehien jasotzen dituena, baizik eta Hautesleen Biltzarrean ordezkari gehien lortzen dituena.

Kaliforniari 55 ordezkari dagozkio Biltzarrean, Texasi 38, New Yorki  29, Floridari 29 eta abar. Biztanle kopuruaren arabera egiten da ordezkari banaketa.

Estatu batean irabazten duenak (aldea boto bakar batekoa edo milioi batekoa izan edo izan) Estatu horretako ordezkari guztiak bereganatzen ditu. Adibidez, Barack Obamak Kalifornian irabazten badu, Estatu horrek Hautesleen Biltzarrean dituen 55 ordezkariak jasotzen ditu.

Orotara, Hautesleen Biltzarrak 538 ordezkari ditu, eta presidente izateko, gehiengo osoa eskuratu behar da, hots, 270. Horregatik, oso garrantzitsua da ahalik eta Estatu gehienetan irabaztea, eta hautagaien arteko aldea oso txikia den lekuak giltzarriak izan litezke.

Boto gutxi batzuek Estatua Mitt Romneyrentzat edo Obamarentzat izatea erabaki dezakete, eta horrek eragina izan dezake azken emaitzetan.

Oro har, AEBetako presidentea herrialde osoan boto gehien lortzen dituena izan ohi da, baina historian lau aldiz, bi hautagai nagusien artean boto gutxien lortu dituena izan da. Azkena George W. Bush izan zen, 2000 urtean. Orduan, Al Gore hautagai demokrata izan zen bozkatuena, Bushi milioi erdi botoko aldea aterata, baina ordezkari gutxiago lortu zituen Hautesleen Biltzarrean. Horraz, Bush presidente.

Zergatik horren sistema korapilatsua? AEBetako jatorri federalaren ondorioz. Hamahiru kolonia fundatzaileak Ingalaterratik bereizi zirenean, eta presidente federala hautatzeko sistema ezarri zutenean, argi utzi nahi izan zuten Estatuek, norberak bere izenean, hautatzen dutela presidentea. Adibidez, Virginiak Washington nahiago zuela, eta Pennsylvaniak Jefferson. Sistema horrek gaur arte iraun du.



Informazio gehiago (2)