Boto zenbaketa
AEBetako hauteskunde-gauaren kontaketa osoa
D.P. / M.G.
Lehia estua izango zela zirudien arren, zenbaketa bizkorra izan da, eta Obama presidentek garaipen argia lortu du. Gainera, hautagai demokratak boto kopuruan ere irabazi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
11:00. Obama presidenteak bi puntuko aldea atera dio Mitt Romneyri (% 50 eta % 48). Demokratek 58.301.776 boto-emaileren babesa jaso dute, eta errepublikanoen alde bozkatu dute 56.199.815ek.
10:36. Obamak garaipen hirukoitza lortu du: boto kopuruan irabazi du, giltza duten estatuetan irabazi du, eta Romneyk baño estatu gehiagotan irabazi du.
10:25. AEBetako hauteskundeen behin betiko emaitza: Obamak 332 - Romneyk 206.
10:15. Azkenean, Florida ere Obamaren alde agertu da, eta demokratek garaipena 26 estatutan lortu dute, eta Romneyk, 24tan.
09:39. Obamak garaipena ospatzeko bidali duen 'txioa', Twitterren historian 'bertxio' gehien jaso dituena.
09:29. Coloradok eta Washingtonek marihuana aisialdian erabiltzea onartu dute, eta Kalifornian heriotza-zigorrari eustea erabaki dute. Homosexualen ezkontzak, berriz, Mainen, Marylanden eta Washingoten jaso dute oniritzia.
09:11. New Yorkeko Empire State etxe orratza kolore urdinez, demokraten kolorez, jantzi dute.
09:00. Todd Akin kongresista errepublikanoak, "bortxaketa batzuk zilegi" direla esan zuenak, ez du eserlekurik lortu Senatuan.
08:58. Rammy Baldwin Wisconsineko hautagai demokrata lesbiana dela aitortu duen lehen senataria izango da.
08:55. Obamak 303 hauteskunde-boto ditu momentu honetan, eta Romneyk, 206. 29 boto daude argitzeke.
08:42. CNNren arabera, Obamak Romneyk baino miloi bat boz gehiago lortu ditu.
08:30. Nazioarteko agintarien erreakzio soka Obama zoriontzeko: Benjamin Netanyahu Israeldik, David Cameron Britainia Handitik, Indiako eta Australiako gobernuak, etab.
08:14. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordekoak Obama zoriondu dute eta elkarlanean jarraitzeko deia egin diote, hazkunde ekonomikoa eta enpleguaren sorkuntza sustatzeko bidean.
08:09. Idahon eta Nevadan, AEBetan dagoen euskal diasporaren zati handiena hartzen duten estatuetan, errepublikanoek eta demokratek irabazi dute, hurrenez hurren.
08:03. AEBetako presidenteak batasuna eskatu du eta errepublikanoekin lan egiteko prest agertu da, erronkei aurre egiteko ezinbestekoa delakoan.
07:50. Obamak "onena iristear" dagoela esan du Chicagoko McCormick Placen,.
07:40. Hasi da Obamaren garaipeneko hitzaldia (hitzaldia, zuzenean).
07:29. Zantzu guztien arabera, hautagai errepublikanoak McCainek baino boto gutxiago (59 milioi lortu zituen 2008an) lortu ditu, baina ordezkari gehiago izango ditu.
07:24. "Obamari deitu diot oraintxe, zoriontzeko. Arrakasta handia opa diot, oso une garrantzitsua baita AEBentzat. Erronka asko daude gainditzeko", adierazi du Romneyk ehunka jarraitzaileren aurrean, Bostonen.
07:02. Hautagai errepublikanoak hitzaldi motza eman du porrota onartzeko, eta zorion mezuak helarazi dizkio Obama familia osoari, Michelleri eta alabei ere. Gainera, Romneyk esan du ez dela damutzen kanpainan egindako lanaz eta horretarako aukeratutako.
06:54. Romneyk errepublikanoen porrota eta Obamaren garaipena onartu du (hitzaldia, zuzenean).
06:42. Botoen % 70 inguru zenbatuta, Obamak Nevadan eta Coloradon ere irabazi ditu.
06.28. Chicagoko McCormick Placen, Obamaren 10.000 jarraitzaile daude garaipeneko hitzaldiaren zain. Bostonen, Romneyk oraindik ez du hitz egingo, boto guztiak zenbatu arte behintzat.
06.14. Kongresuak errepublikanoen esku jarraituko du, eta Senatuan demokratek izango dute gehiengoa. Errepublikanoek Senatua berreskuratu nahi dute, 2006tik.
06:00. Errepublikanoek ez dituzte emaitzak onartu. Ohion eta Floridan zenbaketa ez dela amaitu argudiatzen dute.
05:45. Duela mende erditik, bigarren agintaldia lortu duten presidente guztiek Ohion irabazi dute. Aurten, ez da estatistika hori hautsi.
05:38. Presidenteak garaipena argi ez zegoen estatu gehienetan irabazi du. Ohioko eta Iowako garaipenak, giltzarri.
05:23. Obamak eskerrak eman dizkie Twitterreko erabiltzaileei: "Denok batera gaude (garaipen) honetan. Horrela egin genuen kanpaina. Horrelakoak gara. Eskerrik asko!".
05:29. BARACK OBAMA, PRESIDENTE BERRIZ. Hautagai demokratak irabazi ditu hauteskundeak.
05:18. Adi!!! CNNk, CBSk eta MSNBCk Obamaren garaipena aurrez ikusi dute.
05:10. Festa Alderdi Demokratak Chicagon duen egoitzan, Obamak Iowa bereganatu duela jakin eta gero. Garaipena, gertuago.
05:09. AEBetako hauteskundeak inoiz txio gehien eragin duen gertakaria izan da, Twitterrek jakinarazi duenez. Erabiltzaileek 20 milioi mezu labur idatzi dituzte gai honi buruz.
05:07. Obamak aurrea hartu dio Romneyri hauteskunde botoetan: 243, 188ren aurka. Gogora dezagun garaipena lortzeko 270 behar direla.
05:00. Hainbat hedabideren inkesten arabera, errepublikanoek izango dute Ordezkarien Ganberako gehiengoa.
04:58. Romney lehena da oraindik hauteskunde botoen banaketak (169 ditu, eta Obamak 157). Oraingoz, 19 garaipen eskuratu ditu; azkenak, Utah eta Arizona.
04:57. Obamaren kanpainako zuzendaria, David Axelrod, "oso itxaropentsu" agertu da.
04:50. Obamak hiru puntuko aldea du Floridan, botoen % 55 zenbatuta, baina baliteke presidenteak estatu hori behar ez izatea, Ohion duen aldeari eusten badio.
04:45. Lehia oso estua izango da Floridan. Botoen % 87 zenbatuta, Obamak puntu bateko aldea du.
04:30. Mitt Romneyk hauteskunde boto gehiago ditu (158, eta Obamak 147) , baina presidenteak dena alde du, Ohion irabazten ari baita eta dagoeneko lau estatu giltzarri bereganatu baititu: Nee Hampshire, Wisconsin, Pennsylvania eta Michigan.