Itxi

Kataluniako prozesua

Mas:'Independentzia ez babesteak bazter-bidera eramango du Katalunia'

Agentziak | Erredakzioa

Hala zuzendu zaie Generalitateko presidenteak I27aren aurrean zalantzati daudenei; Masen arabera, independentziaren alde ez egoteak Estatua "gainetik pasatzea, errukirik gabe," eragingo du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Artur Mas Generalitateko presidenteak iazko azaroaren 9ko kontsultan independentziaren alde bozkatu zutenen babesa eskatu du I27ra begira eta, zalantzatiei ohartarazi dienez, "baiezkoaren -independentziaren alde- trenarekin bat ez egiteak bazter-trenbidera" eramango du Katalunia eta Estatua "gainetik pasatzea, errukirik gabe," eragingo du.

"Zalantzak daude, galderak -Kataluniako prozesuan- ulertu ahal ditut, baina birritan pentsa dezatela -zalantzatiek- baiezkoaren aldeko trenarekin bat ze egiteak bazter-trenbidera eraman gaitzake eta hori ez zaio inori interesatzen", esan du Masek, CDCren Batzorde Nazionalean egindako hitzaldian.

Masek eskerrak eman dizkio ERCri eta "PSCtik eta UDCtik alde edin duten beste alderdiei -MES eta Demòcrates de Catalunya-" zerrenda bakarraren alde egiteagatik. Era berean, positibotzat jo du "erantzukizuna" onartu nahi izatea "batasunaren sua piztuta mantentzeko", hori baita "garaipenera eraman gaitzakeena".

Kataluniako eta CDCren presidenteak "batasunetik alde egitea" leporatu dio CUPi, bere ustean, hautagaitza horiek "haien siglen erosotasunetik" alde eginda osatutako "baiezko orokorrean" egoteko aukera izanda.

Masen hitzetan, I27a "buruak zenbatzeko" izango duten aukera "bakarra" da, independentziari buruzko galdeketa ezin izan dutelako egin. Horren ildotik adierazi duenez, independentziaren alde ez daudenen aldeko botoa emateko asmoa dutenek "nahi ala ez, zenbaketari dagokionez, kontrako jarrera elikatuko dute".

Era berean, Mas azaroaren 9ko galdeketan 'bai-ez' bozkatu zutenei (bai berezko Estatu baten alde, ez independentziari) zuzendu zaie -200.000 bat pertsona- eta esan du une horretan independentziaren alde egitera "ausartu" ez zirenek aukera daukatela datozen hauteskundeetan.

Gainera, CDCren buruak esan du I27an erabakiko dutela, batetik, independentziaren aldeko bidea -aldaketa ekarriko du baina "zalantza batzuekin"- edo, bestetik, "ezbaiari" eta "Estatu batenganako dependentziaren erosotasunari" heldu; azken horrek Kataluniaren gainbehera eragingo du, bere ustean.

Albisteak (3)

Bideoak (1)