Kanpainaurre
Estatuaren mehatxuei batera aurre egiteko aurkeztu da Junts pel Si
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bartzelonako Lluis Companys pasealekuan, Arc de Triomf oroigarrian, alegia, bildu dira ehunka lagun, hautagaitza independentistaren kanpainaurreren lehenengo ekitaldi handian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Milaka lagun, horietako askok estelada ikurrekin, bildu dira ostiral honetan Bartzelonako Lluis Companys pasealekuan, Arc de Triomf oroigarrian, alegia, Junts pel Si hautagaitza independentistaren kanpainaurrearen lehenengo ekitaldi handian.
Oriol Junqueras ERCko burua, Artur Mas Kataluniako presidentea, Raul Romeva Junts pel Siko zerrendaburu, Lluis Llach abeslaria, Carme Forcadel ANCko presidente ohia eta Eduardo Reyes Sumateko presidentea, besteak beste, izan dira oholtza gainean. Junts pel Si hautagaitzaren kide guztiak oro har izan dira ekitaldi horretan, Muriel Casals Omnium Culturaleko presidente ohia izan ezik.
Romevak salatu duenez, egunak daramatzate "oihuak eta mehatxuak" jasotzen. "Europako Gobernuak gu begira daudenean, Espainiakoa gu mehatxatzen ari da", nabarmendu du.
Bestalde, Artur Mas Generalitateko presidenteak eta Junts pel Siko laugarren hautagaiak esan duenez, "Katalunia ez da hautsiko, batasun irakaspen handia ematen ari baita".
"Ez dugula irabaziko eta gehiengoa ez dugula lortuko diote. Baina huts egingo dute berriro: irailaren 27an irabaziko dugu, eta gehiengoa eskuratuko dugu. Ondo egingo dugu, oso ondo", iragarri du.
Masek ez ditu 'Torredenbarra' auzia eta CDCren egoitzen miaketak aipatu, baina prozesu subiranoa hasi zenetik, Estatuak erakutsitako "isilpena, gaitzespena, mehatxuak, beldurraren estrategia eta kereilak" salatu ditu.
Gainera, "fede oneko" baina botoa erabakita ez duten herritarrei deia egin die. "I27ko gauan "baiezkoak" eta "ezezkoak" zenbatuko ditugu, eta fede oneko jendeak hobe du "baiezkoaren alde" bozkatzea, horrela etorkizun hobea izango baitugu", gaineratu du.
Bestalde, Pep Guardiol entrenatzailearen bideo bat jarri dute ekitaldian. Guardiola Junts pel Si hautagaitzaren azken postuan doa, eta bideo hartan adierazi duenez, "eman dezagun azken aurrerapausoa, atzerapausorik ez, zerotik hasita, herrialde hobea egiteko aukera baitugu".