Itxi

Prozesu subiranoa

Kontseilari bat atzerriko gaietaz arduratuko dela hitzeman du Masek

Erredakzioa

Hauteskundeak irabaztekotan, atzerriko politika "mailaz igotzeko" asmoa duela ohartarazi du Generalitateko presidenteak. Rajoyk, berriz, krisiari aurre egiteko "ausardia" ez duela egotzi dio Masi.

Artur Mas Generalitateko presidentea eta presidentetzarako CiUko hautagaia. Argazkia: EFE

Artur Mas Generalitateko presidenteak eta presidentetzarako CiUko hautagaiak larunbat honetan iragarri duenez, azaroaren 25ean izango diren hauteskundeak irabaztekotan, atzerriko gaiak Generalitateko kontseilari baten esku utziko ditu, atzerriko politika "mailaz igotzeko".

Prentsaurrekoan Masek adierazi duenez, ez du oraindik pentsatuta Gobernu berriaren antolaketa baina erabakita du, ostera, aipatutako auziaren kudeaketa kontseilari bati ematea, Generalitateko "azpiegiturei Estatuko itxura handiagoa emateko".

Halaber, subiranotasunaren gaineko referenduma egin arte Katalunia etorkizunera begira prest egon behar dela azpimarratu du, eta tarte hau aprobetxatu behar duela Estatuko beste azpiegiturak abian jartzeko, esaterako, Kataluniako azpiegituren sarea nola kudeatuko duten aurreikustea.

Masen aburuz, 105 ekimen daude prestatzeko, tartean Kataluniako hauteskunde-legea, amaitzera doan legegintzaldi honetan aurrera atera ezin izan dutenak.

Porrotara doan abentura

Bestalde, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak kritika gogorrak egin dizkio Artur Masi. Bere handinahia asetzeko herritarrak erabili eta "porrotara doan abentura" batera eraman izana leporatu dio Rajoyk Masi.

Mugak eraikitzea Europar Batasunaren aurka doala defendatu du Rajoyk, "Europako proiektuaren kontrako asmoa da". Gainera, Kataluniako proiektu subiranoak Europako itunak, legeak eta herritarren borondatea errespetatzen ez dituela azpimarratu du.

Generalitateko presidenteari egindako hitzaldi gogorrenean, krisiak eragindako arazoei aurre egiteko "ausardi falta" egotzi dio Masi. Halaber, zatiketa proposatzen duenari kasurik ez egitea eskatu die katalanei.

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)