Itxi

Ekitaldia Gasteizen

Fernandez de Pinedo: 'Arabako PP ustela botatzeko bermea da EH Bildu'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Arabako foru-instituzioen "leihoak irekiko" eta "alfonbrak altxatuko" dituela hitzeman du Kike Fernandez de Pinedo Arabako ahaldun nagusirako EH Bilduko hautagaiak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Arabako ahaldun nagusirako EH Bilduko hautagai Kike Fernandez de Pinedok adierazi duenez, "lagunen mesederako politikak garatzen dituen PP ustela Arabako erakundeetatik botatzeko bermea da" EH Bildu.

Igande honetan EH Bilduk Gasteizen egindako ekitaldian parte hartu du Fernandez de Pinedok, eta datozen foru-hauteskundeetarako koalizioak prestatu duen zerrenda aurkeztu dute bertan. Fernandez de Pinedo zerrenda horren buru da.

EH Bilduko buruzagiak 'San Antonio' bezalako aferak aipatu ditu. Horren harira, Kontu Auzitegiak milioi erdiko fidantza ezarri die PPko hainbat buruzagiri, tartean, Alfonso Alonso Osasun ministroari eta Javier Maroto egungo Gasteizko alkateari.

Fernandezen aburuz, horrelako kasuek mahi gainean utzi dute "PPk lagunentzat bakarrik gobernatzen" duela. "Ustelak dira, eta gutxi batzuentzat gobernatzen dute", salatu du. Hori dela eta, "Arabako arazo nagusia Alderdi Popularra da".

Leihoak ireki eta alfonbrak altxatu

"Ustelkeriaren, jauntxokeriaren eta politikakeriaren aurrean, ustelkeriarik gabeko bermea da EH Bildu", azpimarratu du. Horren harian, Arabako foru-instituzioen "leihoak irekiko" eta "alfonbrak altxatuko" dituela hitzeman du Fernandez de Pinedok.

Amaitzeko, abortuaren legearen erreformari egin dio aipamena, eta ohartarazi duenez, "abortua delitu bihurtu nahi du PPk".

Albisteak (2)

Bideoak (1)