Gipuzkoa
Gizarte zerbitzuen defentsa 'sutsua' egitea hitzeman du EH Bilduk
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koalizioa Gipuzkoako 72 herritan aurkeztuko da, duela lau urteko zifra gaindituz.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusirako EH Bilduren hautagaiak adierazi duenez, "atzera egin nahi duen eskuinaren aurrean" koalizio abertzaleak zerbitzu publikoen eta gizarte zerbitzuen defentsa sutsua egingo du foru gobernutik eta udaletxeetatik.
Maiatzaren 24ko hauteskundeei begira, Gipuzkoako hautagaien aurkezpena egin du EH Bilduk gaur Zarautzen. Ekitaldian, EH Bilduko hainbat kidek parte hartu dute, tartean, Xabier Olano ahaldun nagusigaiak, Ander Rodriguez Gizarte gaietako diputatuak, Ainhoa Beola EH Bilduko kideak, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Igone Lamarain Eibarko alkateak.
Olanok azpimarratu du Gipuzkoako 88 herrietatik 72tan aurkeztuko dituztela zerrendak, 2011ko hauteskundeetako zifrak gaindituz.
Ildo horretan, nabarmendu du ezkerreko indar soberanistek "agian inoiz ez dituztela beren konfiantza emateko erreferente, hautagai eta gobernu talde hobeak izan".
Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak azaldu du EH Bilduren egiteko nagusiak tokiko garapena, bizi kalitatearen hobekuntza eta enplegu duina bermatzea direla eta, horretarako, beharrezkotzat jo du "baliabideak sortzea" eta horien "banaketa egokia" egitea.
Azpimarratu duenez, Gipuzkoako ahaldun nagusi izatea lortzen badu, Diputazioak oso kontuan izango ditu udalak, Olanoren arabera, horiek baitira Gipuzkoan garapena eta aldaketa bermatzeko motorra.
"Herritarrak enpoderatu nahi ditugu Gipuzkoaren inguruan erabaki dezaten, martxan dagoen aldaketan protagonista nagusi izan daitezen, gure herrialdea egun baino solidarioagoa, justuagoa eta euskaldunagoa izateko orain artekoa eta bi gehiago egitea premiazkoa delako", gaineratu du.
Bestalde, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak azpimarratu du EH Bilduren zerrendetan ez dagoela pertsona ustela, botere gosea edota iseka egiteko ohitura duen inor. "Hemen denon interesak defenditzen dituzten pertsonak aurkituko dituzue soilik, ez gutxi batzuen pribilegioak lehenesten dituztenak", gaineratu du.