Itxi

zortzigarren eguna

'PAH Konpromisoa' agiriak Nafarroako oposizioa elkartu du

Agentziak

"Ezin diogu Nafarroako Kutxa auziak hartutako joerari begiratzeari utzi" esan du Geroa Baik. EH Bildu ustelkeriaz aritu da, bestek beste, Nafarroako Kutxaz. UPNk Barkosen kontra egin du.

EH Bilduk, I-Ek, Geroa Baik, UPyDk, Equok, Libertad Navarrak eta Representación Cannabica de Navarrak 'PAH Konpromisoa' sinatu dute; "pertsona guztiek etxebizitza duina izateko eskubidea modua argian eta eraginkortasunez" adierazten duen agiria da, Hipotekak Kaltetutako Plataformak egina.

Dokumentua gaur jakinarazi dute Iruñean egindako ekitaldi batean. "Etxebizitzaren drama soziala familia askorengan eragiten ari da, bai hipoteka ordaindu ezin duen sektorearengan, bai alokairuan bizi diren eta hileko kuota ordaindu ezin duten familiengan, edo etxebizitza behar baina eskuratu ezin dutenak".

UPN

Javier Esparza Nafarroako presidente izateko UPNren hautagaiaren esanetan, "Uxue Barkosi botoa ematea EAJri ematea da, eta badakigu nora eraman nahi duten Nafarroa".

Hala adierazi du gaur, ostiralean, adinekoekin Iruñean egindako ekitaldi batean. Halaber, gaineratu duenez, "une zail batean gaude. Denon artean eraiki dugun Nafarroa arriskuan dago eta gaur, inoiz baino gehiago, jendearekin, lagunekin, ilobekin hitz egin beharra dago Nafarroak Nafarroa izaten jarraitzea nahi ez duten alderdiak badaudela esateko, Euskadiren parte egin eta Espainiatik atera nahi gaituzte", esan du.

EH BILDU

Adolfo Araiz Nafarroako presidente izateko EH Bilduko hautagai nagusiak esan du maiatzaren 24ko hauteskundeak ustelkeriaren "aro beltzari amaiera emateko" balio behar dutela Nafarroan. "UPNk eta PSNk sinestarazi nahi dute Nafarroan ustelkeriarik ez dela izan, edo urruneko zerbait dela".

Adolfo Araizen hitzetan, "errealitatea oso bestelakoa da eta Kontuz, esaterako, bezalako mugimendu sozialei edo kazetariek egindako lanei esker, gai ilun asko ezagutu ditugu", besteak beste, Nafarroako Kutxa auzia.

GEROA BAI

Uxue Barkos Nafarroako presidente izateko Geroa Bairen hautagaiak adierazi duenez, "ezin diogu Nafarroako Kutxa auziak hartutako joerari begiratzeari utzi, Administrazio Kontseiluko kideek 2005etik hona dituzten ondasunak Polizia Nazionalak ikertzea eskatu eta gero.

Bestalde, Barkosek azaldu du berak gidatzen duen koalizioak "subsidiariotasun printzipioan oinarritutako" politikaren alde egin du, herri mailako administraziorako, "Tokiko Autonomiaren Gutun Europarrean agertzen dena". Barkosen arabera, "horrek ekitnza publikoa eskartzen du, herri mailako erakundea bultzatuz, herritarrengandik gertuenen dagoen administrazio gisa eta autonomia indartu eta bermatu, bere osotasunean".

PSN

Maria Chivite PSNrenForu Gobernurako presidentegaiaren arabera, eskubiaren aurrean dagoen aukera "ez da euskal nazionalismoa", baizik eta "zentroko aukera, aldaketa bermatuko duena, Nafarroak Nafarroa izaten jarraitzeko, gauzak bestera egiten, gertuko politika egiten eta bestelako lehentasunekin, gehien bat, politika sozialak".

Izquierda-Ezkerra

Jose Miguel Nuin, Marisa de Simon eta Txema Mauleon Izquierda-Ezkerrako hautagaiek "konpromisoa" adierazi dute gazteekiko, haiek baitira "gizarte zuzenagoa, askeagoa, eraikitzeko bermea" eta, bertan, "denok izango dugu lekua, duintasunez biziz"

PPN

Ana Beltran PPNren Nafarroako presidentegaiak familia "sendotzea" eskatu du, "gizarteko oinarrizko erakunde den heinean". "Gure zeregina da familiei krisialdian egindako ahalegina itzultzea", azpimarratu du.

 

Hauteskunde-kanpainaren zortzigarren eguna:

Albisteak (1)

Informazio gehiago (2)