Itxi

Kanpaina, 9. eguna

ETA eta presoak mintzagai, kanpainako hitzaldietan

Agentziak

ETAk Rajoy Euskadirekin duen konpromisoa baldintzatzen ote duen galdu du EAJk. EH Bilduk esan du koalizioak amets baten alde egiten dutenek osatzen dutela, presoak barne. PSEk PPren aurka egin du.

EAJ

Iñigo Urkullu lehendakariak galdegin du ETAren desegiteak baldintzatzen ote duen Mariano Rajoy Gobernu zentraleko presidenteak Euskadirekin duen "konpromisoa" eta penagarritzat jo du harekin bost bilera egin eta gero erantzuna "isiltasuna" izatea. Bestalde, Andoni Ortuzarren arabera, Rajoy "erreinuaren parakaidistarik handiena da"; "heldu bezala, joan egin da", salatu du.

EAJk Gasteizen egin du kanpainaren ekitaldi nagusia, Espainiako presidenteak bere alderdiaren ekitaldi batean parte hartu duen egun berean, hiriburu arabarrean ere bai. Urkulluk, izan ere, Mariano Rajoy duela bi hilabete egindako bisita -Terrorismoaren Biktimen Memorialean plaka ipintzeko- izan du hizpide; "ipini eta kendu behar izan zuten -plaka-, euskararen koofizialtasuna ere ez zutelako errespetatu".

Gainera, gogorarazi duenez, egun horretan egindako hitzaldian, "Bakea eta Elkarbizitzaren alorrean Estatu mailako politika" egiteko beharraz hitz egin zion, "koexistentziatik elkarbizitzara igarotzeko" eta Rajoyk handik "egun gutxira Diputatuen Kongresuan" emandako erantzuna zera izan zen: "ETA desegin ezean, ez dago zer hitz egiterik".

"Eta esandakoa berez larria bada ere, nik galdetu egiten dut Gobernu espainiarrak eta PPk Euskadirekin, hau da, Arabarekin eta Gasteizekin ere, duen konpromisoa adierazpen horrek baldintzatuta ote dagoen", adierazi du. "Eta ez, ez naiz Guardia Zibilaz eta Ertzaintzaz ari. Udal eta foru hauteskundeen atarian gaude", argitu du.

 

EH BILDU

EH Bildu osatzen duten pertsonak "jarraitzen dute dena emateko prest amets baten truke", ETAko presoak barne, esan du Hasier Arraiz Sorturen presidente eta EH Bilduren legebiltzarkideak. Gainera, koalizioan daudenak "ez daude salgai", azpimarratu du.

Arraizek gaur arratsaldean Gasteizen egindako ekitaldi batean parte hartu du, Pablo Gorostiaga Laudioko alkate ohiarekin batera. Gorostiaga kartzelan izan da 2007tik aurtengo martxoaren 22ra arte eta txalo artean sartu da Europa Jauregira.

Sorturen presidentearen hitzetan, koalizioa "ezberdinak direnen arteko topagunea da, bidea elkarrekin egiteko" eta, berretsi duenez, EH Bildu osatzen duten pertsonak "jarraitzen dute amets baten alde dena emateko prest"; hori dela eta, "ez daude salgai".

Arraizek Pepe Mugica Uruguayko presidente ohia aipatu du eta honako gogoeta adierazi die bertaratutakoei: "ba al dakizue zenbat gizon eta emakume ditugu, Pepe Mugicak aipatutakoak bezalakoak?. Ba, hasteko, 500 bat, gutxi gora behera, eta hemendik ehunka kilometrora badaude ere, beti sentitzen ditugu gure artean".

PP

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Gasteizen defendatu duenaren arabera, PPk "diskurtsoari eusten" dio "edonon"; EAEn ere bai, bertan "une zailak" igaro ditu "ideien, bizitzaren, oinarrizko eskubideen eta askatasunaren defentsan".

Rajoy presidente espainiarrak larunbat honetan Gasteizen esan duenez, PP "batasun espainiarraren eta burujabetza nazionalaren bermea da". Gainera, adierazi duenez, alderdi horrek beti defendatu egin ditu "une zailetan", bereziki Euskadin, "askatasuna eta oinarrizko eskubideak". Era berean, azpimarratu egin du "Espainiaren etorkizuna espainiar guztiek erabakiko" dutela.

Rajoyk Gasteizen egindako ekitaldi batean parte hartu du, Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidentearekin, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi eta hautagaiarekin eta Javier Maroto Gasteizko alkate eta alkategaiarekin batera.

PSE-EE

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak Gasteizko alkateari ohartarazi dionez, "mozorrotzen" eta "hiriaren banderaren azpian ezkutatzen" bada ere, "Rajoy Gasteizen Maroto deitzen da". Gainera, "erabakitzeko eskubidean aurrera egiteko obsesioaren aurrean", Quebecen eta Eskozian botoak eskatzea gomendatu die EAJri eta EH Bilduri.

Mendia PSE-EEk hotel gasteiztar batean egindako ekitaldian izan da, Cristina Gonzalez Arabako ahaldun nagusi izateko hautagai sozialista eta Peio Lopez de Munian Gasteizko alkategaia bertan zirela. Mendiak azpimarratu duenaren arabera, kanpainaren erdia igaro eta gero, "animoa eta ilusioa handituz doa" eta "gero eta gehiago dira eskuinekoak ez diren politikak eta hainbeste sufrimendu eragin duen nazionalismoaren ondoren, bestelako politikak eskatzen dituzten pertsonak".

Horrez gain, Jesus Eguiguren PSE-EEren presidenteak Donostiako "izaera liberala, aurrerakoia eta irekia" aldarrikatu du; bere ustean, izaera  "galtzen ari da hiriarentzat bestelako kontzeptua garatzen dutenen partez".

AHAL DUGU

Roberto Uriarte Ahal Dugu Euskadiren idazkari nagusiaren hitzetan, alderdia "hemendik aurrera, elementu erabakigarria izango da euskal politikan eta herri honek behar duen aldaketaren egilea izango da".

"Ziur nago datozen foru hauteskundeek mugarria ezarriko dutela euskal politikan", esan du Uriartek gaur arratsaldean Gasteizko Peñaflorida Plazan egindako ekitaldi batean.

UPyD

Roque Andrada Bizkaiko ahaldun nagusi izateko UPyDren hautagaiak ituna egitea proposatu du, Barne Produktu Gordinaren % 3 I+G+b arloan inbertitzeko helburuarekin.

Albisteak (2)

Informazio gehiago (2)