Itxi

M24

Esperanza Aguirrek gutxigatik irabazi dio Manuela Carmenari Madrilen

M.G | Erredakzioa

PPren hautagaiak 21 zinegotzi eskuratu ditu, Ahora Madriden alkategaiak baino bat gehiago. Hala, Carmenak alkate izateko aukera du, PSOEren babesarekin gehiengo osoa lortuko bailuke.

Esperanza Aguirre PPko hautagaiak eta Madrilgo Erkidegoko presidente ohiak irabazi ditu udal hauteskundeak Madrilen, 21 zinegotzi lortuta; Manuela Carmena Ahora Madrideko alkategaiak baino zinegotzi bat gehiago.

PSOEk, Antonio Miguel Carmona hautagaiaren alderdiak, 9 zinegotzi eskuratu ditu, eta Ciudadanos lehenengo aldiz sartu da Udalean; 7 ordezkari izango ditu.

Hala, PPk 1991tik zuen gehiengo osoa galdu du, eta Carmenak Alkatetza lortzeko aukera izango du, PSOEren babesarekin gehiengo osoa izango bailuke.

Aguirre, agintean edo oposizioan

Aguirrek esan du PPren baloreak defendatzen jarraituko duela, bai alkate bada, bai beste alderdien itunak oposiziora eramaten badute.

PP alderdi bozkatuena izan bada ere, "madrildarren mezua jaso" duela aitortu du; izan ere, 2011ko hauteskundeetan baino boto gutxiago jaso ditu, % 15 gutxiago, hain zuzen.

Carmena: aldaketak irabazi du

Carmenak uste du aldaketaren aldeko gehiengoak irabazi duela Madrilen, eta hiriak "duintasuna" berreskuratzea duela erronka. "Madril hiri duina izatea lortzeko erronka handia dugu", adierazi du Manuela Carmenak.

"Ez dira izan ez Ahora Madrid ez gainerako alderdi politikoak aldaketa eragin dutenak, herritarrak baizik", azpimarratu du Carmenak.

Carmonak "eraldaketa" bultzatuko du

Antonio Miguel Carmona PSOEren hautagaiak "gobernagarritasuna" eta hirian "eraldatzea" bultzatzearen alde lan egiteko konpromisoa hartu du.

 

Informazio gehiago (1)