Nafarroa
Barkosek iragarri du asteon hasiko direla 'aldaketarako' elkarrizketak
Agentziak | Erredakzioa
Araizek esan du EH Bilduren asmoa dela ''Gobernuan parte hartzea'', eta Geroa Bai-ri dagokiola prozesu horren ''buru'' izatea. Ahal Duguk jada aurreratu du aldaketaren alde dagoela ''nola edo hala''.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Uxue Barkosek iragarri du Geroa Baik dagoeneko egin dituela lehenengo "harremanak" atzoko hauteskundeetan Parlamenturako ordezkariak lortu dituzten alderdi guztiekin, eta aste honetan bertan hasiko omen dituzte negoziazioak Nafarroan "Gobernu aldaketa gauzatzeko eta egonkortzeko".
"Logikoa denez, ez dugu alderdi guztiekin lan egingo aldaketa lortzeko", adierazi du Geroa Bairen presidentegaiak. UPNren ondoren alderdi bozkatuena izan denez, Geroa Baik aldaketa "barne-hartzailea, lasaia eta egonkorra" lortzeko konpromisoa berretsi du.
Horretarako, Barkosek batzorde baten eraketa iragarri du. Batzorde horretan egongo dira presidentegaia bera, Manu Ayerdi, Koldo Martinez eta Itziar Gomez, eta aste honetan bertan hasiko dituzte elkarrizketak hauteskundeetan "aldaketak jasotako babes historikoarekin" Gobernua osatzeko.
Gobernu horretarako, "logikoa denez", ez dute UPNren eta PPren babesa bilatuko; eta PSN-PSOEren kasuan, haien esku utzi du erabakia.
Une honetan, PSNren babesa ez da beharrezkoa UPNri agintea kentzeko. Hala, Barkosek esan du sozialistek irekita dituztela ateak "aldaketaren alde" lan egiteko, "gizartearen aginduarekiko leialtasunez".
Esparza: 'UPN konplexurik gabe egongo litzateke oposizioan'
Bere alderdiari oposizioa zuzentzea egokitzen baldin bazaio ?konplexurik gabe? egingo duela ziurtatu du Javier Esparza UPNko presidentegaiak. Gainerako indar politikoekin hitz egingo duela iragarri du Esparzak, baina ?ia guztiak bere alderdiaren aurka batuko? direnaren ?sentsazioa? du.
?Oposizioa egokitzen bazaigu, sendo eta arduratsu egingo dugu Nafarroaren interesa defendatuz. Seriotasunez eta apaltasunez proiektu batean lan egingo dugu?, nabarmendu du.
PSNk ez du 'abertzaleen hegemonia' babestuko
PSNk ohar batean aurreratu du alderdi politikoekin hitz egiteko prest dagoela Nafarroako Gobernuaren kolorea "aldatzeko", baina ez "abertzaleen hegemonia" sustatzeko.
PSNk hauteskundeetan jasotako emaitza ezin dela "ontzat" eman aitortu du alderdiak, baina "PSOEk udal hauteskundeetan Espainia osoan izan duen boto galerarekin" lotu du.
Iruñean ere bai
Itziar Gomez Geroa Bairen Iruñeko alkategaiak esan du Udalean "aldaketa errazten" saiatuko dela, EH Bildu, UPNren atzetik alderdi bozkatuena, baita bere ustez lidergoa hartu beharko lukeena.
"Gure gain hartzen dugun papera eta herritarrek jarri digutena Iruñean aldaketa erraztea da", adierazi du Gomezek Barkosekin batera emandako prentsaurrekoan. Izan ere, kanpainan esan zuten boto gehien zuen alderdiak hartu beharko zuela buruzagitza, eta "hala esan genuenez, hala egingo dugu".
Barkos, presidente izateko aukera handiekin
Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdietako buruek hiru hilabeteko epea dute Nafarroako gobernu berria osatzeko akordioa lortzeko. Maiatzaren 24ko foru hauteskundeetan UPN izan da boto gehien lortu dituen alderdia, baina lau alderdiek bere jesarlekuak batuta, gehiengo izango lukete.
Ekainaren 17an osatuko dute Nafarroako Parlamentua, eta abuztuaren 24a baino lehen aukeratu behar dute Gobernuko presidente berria. Hori horrela ez balitz, hauteskunde berriak deitu beharko lituzkete.
Edonola ere, ez dirudi azken hau denik aukerarik litekeena. Izan ere, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdiek sozialisten babesik gabe lortu dezakete beharrezkoa den gehiengoa. UPN, bestalde, aukera askorik gabe geratu da.
Datu hauek oinarri hartuta, ematen du Uxue Barkos (Geroa Bai) dela Nafarroa gobernatzeko aukera gehien dituen hautagaia, bera baita Gobernua osatu dezaketen horien artean emaitza onenak lortu dituena.
EH Bilduren asmoa da ''Gobernuan parte hartzea''
''Gure asmoa Gobernuan parte hartzea da, zalantzarik gabe'', esan du astelehen honetan Adolfo Araiz EH Bilduko Nafarroako Parlamenturako zerrendaburuak.
Araizek esan du gainerako hiru alderdiekin egin izan dituzten kontaktu ''informaletan'' aldaketarako ''borondatea'' ikusi duela, eta nabarmendu du Geroa Bairi dagokiola prozesu horren ''buru'' izatea.
Ahal Dugu: 'Aldaketaren alde gaude eta egingo dugu, nola edo hala'
Bestalde, Podemos-Ahal Dugu aldaketaren alde dagoela berretsi du gaur. Euskadi Irratian eskaini duen elkarrizketa batean, Laura Perez alderdiko zerrendaburuak adierazi du aldaketa egingo dutela, ''nola edo hala'', baina akordioak "programaren gainean" egingo dituztela.
Geroa Bairen programa onargarria ote den galdetuta, "izan daiteke", erantzun du Nafarroako Ahal Dugu alderdiko ordezkariak. "Nola eta zenbateraino neurtu egin behar dugu, baina aldaketaren alde gaude, eta nola edo hala egingo dugu". Nafarroako Ahal Dugu alderdiko zerrendaburuak esan du "libre" sentitzen direla nahi dutena egiteko.
Uztartu ezinezko karguak
Nafarroan udal hauteskundeak egon eta gero, ezin da oraindik jakin nork hartuko duen Foru Erkidegoko Presidentetza, baina ziurra da uztartu ezina dela Uxue Barkos diputatuak eta Maria Chivite senatariak duten karguekin.
Barkos da Geroa Baik Kongresuan duen ordezkari bakarra, eta orain Nafarroako Gobernua osatzeko erronka dauka. Hori dela eta, uko egin beharko dio karguari, eta aste bukaeran egitea espero da, ostegun honetan Kongresuan egitekoa den eztabaidaren ostean, Hitzarmen Kolektiboaren ingurukoa, horrek zehaztuko baititu Estatuak eta Nafarroak izango dituzten finantza-harremanak.
Maria Chivitek ere kargua utzi beharko du, baina oraindik ez dute zehaztu noiz egingo duen. Chivite PSOEren bozeramalea da Senatuan, eta PSNren zerrendaburua.
Ciudadanosen zuzendaritza Nafarroan, deseginda
Eduardo Ortiz Nafarroako Ciudadanosen koordinatzaileak eta Hauteskunde Batzordeko kideek kargua utzi dute; hori dela eta, Zuzendaritza Nazionalak gestora izendatuko du alderdiaren zereginak kudeatzeko, Zuzendaritza Batzorde berria osatu arte.
Horrela, Ciudadanos Nafarroak ohar baten bidez zabaldu duenez, kideek "aurreko igandeko hauteskundeetan lortutako emaitzengatik erantzukizun politikoa onartu" dute, "200 bat botora geratu dira Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza lortzeko, baina, halere, ez datoz bat alderdiak zituen helburuekin".
Hala, datorren ostiralean, Ciudadanos Nafarroak batzarra egingo du afiliatuekin eta Hauteskunde Batzordearen eta jarduneko koordinatzailearen txostenak aurkeztuko dituzte "bultzada berri bat emateko behar diren erabakiak proposatu eta eztabaidatzeko", Ciudadanos Nafarroari dagokionez.