M24
Rajoyk ez du aldaketarik egingo PPn, ezta Gobernuan ere
Agentziak | Erredakzioa
“Alderdirik bozkatuena garela ez dut aitzakiatzat erabiliko, askoz gehiago nahi dugu”, adierazi du Exekutiboko presidenteak. “Herritarrengandik hurbilago egon behar dugu”, erantsi du Rajoyk.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hurrengo hauteskunde orokorretan PPren hautagaia berriro izateko borondatea agertu du gaur Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak, eta igandeko hauteskundeen ondoren Alderdi Popularrean, eta Exekutiboan, ez duela aldaketarik egingo esan du.
PPko egoitza nagusian emandako prentsaurrekoan, alderdiarentzako hautagai egokia ote den galdetuta, “Baietz uste dut”, erantzun du. “Oso eroso eta lasai nago”, gaineratu du presidenteak.
Gobernuan eta PPn aldaketarik egiteko asmorik ez duela iragarri du Rajoyk. Susperraldi ekonomikoa indartzeko lanean buru-belarri ari dela esan du. “Ez dut uste arazoa aldatzea edo ez aldatzea denik”, azpimarratu du.
Autokritika
Gobernuko presidenteak autokritika egin du. “Alderdirik bozkatuena garela ez dut aitzakiatzat erabiliko, askoz gehiago nahi dugu”, azaldu du. “Herritarrengandik hurbilago egon behar dugu”, erantsi du.
“PPren garaipena eztabaidaezina da, baina bistan dago ez ditugula lortu duela lau urte herritarrek emandako gehiengoak”, onartu du Exekutiboko buruzagiak. “Ez nago pozik”, gaineratu du, baina Rajoyren ustez, PP aurreneko indarra dela ukatzea “Alderdi Popularrak hauteskundeak irabazi dituela ukatzea bezain zentzugabea da”.
Zerrendarik bozkatuenak gobernatu behar du
Gehiengoa ez duen lekuetan, bere alderdiak itun “garden eta egonkorrak” eskainiko dituela aurreratu du Rajoyk, eta hauteskundeetako zerrenda bozkatuenak gobernatzea defendatuko duela iragarri du.
Azkenik, ekonomia suspertzea egonkortasun politikoa dagoenean errazagoa dela ziurtatu du agintariak.