M24
EH Bilduk Maroto kaleratzea eskatu du, Larrion alkate ez bada ere
Agentziak | Erredakzioa
Koalizioaren hautagaiak esan duenez, "hauteskundeak egin baino lehen eta ondoren, modu publikoan eta pribatuan, bada Maroto kentzearen alde egin duen indarrik".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko alkategaiaren esanetan, Javier Maroto Alkatetzatik kentzeko helburua lortzeko prest daude edozein formula erabiltzeko, tartean, Larrion bera alkate ez izatea.
Igandeko udal eta foru hauteskundeen ostean Gasteizen zabaldutako egoera aztertzeko egindako lehen agerraldian, Larrionek esan du "Marotoren kontrako aldarria errealitate" dela eta, bere ustean, "erantzukizunez" jokatzeko, "Maroto kaleratu" behar dute Udaletik.
Helburu hori lortzeko, eta Arabako hiriburuko bigarren indarra izanik, oposizioko alderdi guztiekin bilera-sorta egingo du gaurtik aurrera, PP kendu eta hiriaren eredu aldaketaz hitz egiteko.
Larrionen hitzetan, "asko dira Gasteizek ezin duela PPrekin lau urte gehiago egon uste dutenak", eta, "hauteskundeak egin baino lehen eta ondoren, modu publikoan eta pribatuan, bada Maroto kentzearen alde egin duen indarrik".
Kazetarien galderei erantzunez, ez du aipatu nahi izan berak esandako asmoa modu pribatuan agertu duten alderdiak zein diren, eta politika alorrean, Nafarroan esaterako, aldaketa haizeak dabiltzala nabarmendu du.
Larrionen ustean, aldaketa hori hiriburu arabarrean ere egin daiteke, eta, hori dela eta, hori gauzatzeko edozein bide erabiliko luke; izan ere, EH Bildu ez den alderdi bat Alkatetzaren buru egotea oposizioarekin adosteko prest daude.
"Guk aldaketa gidatuko dugu (?) baina beste aukeratara zabalik gaude, konpromisoa argia da: PP kaleratzea", esan du.
.@ehbildugasteiz gainontzeko talde politikoekin biltzen hasiko gara hurrengo alkatea PPkoa ez izateko eta Gasteizen etorkizun erreala eiteko
? Miren Larrion (@miren_larrion) Mayo 26, 2015
Gainera, EAJren inguruan ere mintzatu da eta, esan duenaren arabera, Andoni Ortuzar EBBren presidenteak atea zabalik utzi du; horren adibide, gaur Radio Euskadik egindako elkarrizketan Marotori esandakoa.
Ortuzarrek "zuhurragoa eta baketsuagoa" izatea eskatu dio PPren hautagaiari, oposizioak bere kontra bat egitea eragin bailezake eta baliteke orain zaila dirudien batasuna lortzea, hain justu, jarrera hori izateagatik.
Larrionek, halere, onartu egin du posible dela PPk eta EAJk erasorik ez egiteko ituna adostea, Gasteizen eta Araban, bakoitzaren gobernagarritasuna ez oztopatzearren, Gasteizen PPrena eta Batzar Nagusietan, EAJrena, gutxiengoan baitaude. Edonola ere, nabarmendu du bakoitzak boto-kutxek esandakoa interpretatu beharko duela eta horren arabera jokatu.
"Guk esan genuen EH Bilduren botoa PP kaleratzeko erabiliko zela eta egingo dugu", erantsi du.