balantzea
EH Bilduk ulertu du herritarrentzat 'azkarregi' zihoala 'aldaketa'
agentziak | erredakzioa
Hasier Arraiz legebiltzarkide eta Sorturen buruak azpimarratu du "Nafarroan aldaketaren ateak irekitzeko helburua" bete dutela eta koalizioa "indartuta" atera dela bozetatik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hasier Arraiz EH Bilduren legebiltzarkide eta Sorturen buruak aitortu du udal eta foru hauteskundeen emaitzek agerian uzten dutela herritarrentzat "aldaketa politikoa azkarregi" zihoala, nahiz eta "beharrezkoa" izan.
Arraizek, EH Bildu koalizioa osatzen duten gainerako alderdi politikoetako ordezkariekin batera, Donostian emandako prentsaurreko batean azpimarratu duenez, "Nafarroan aldaketaren ateak irekitzeko helburua" bete dute, eta koalizioa "indartuta" atera da bozetatik.
"Herritarren mezua ulertu dugu", esan du. Era berean, hauteskunde hauetan ulertu omen dute "zeintzuk diren herri honetan gauzatu nahi dugun aldaketa politiko eta sozialerako oztopoak".
Horren harira, hauxe salatu du: "Aldaketa honen kontrako bloke politiko bat dago, geroz eta sendoagoa dena, eta EAJ da horren buruzagia, PSE-EEren eta PPren laguntzarekin". Gainera, "eskenatoki politikoan eragina duten bestelako eragile batzuen boterea eta gaitasuna" ere agerian geratu dela iritzi dio.
Horrekin batera, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean aurreratu duen legez, koalizioak ulertu du herritarren mezua, EH Bilduk nahi duen "aldaketa politikoa beharrezkoa" dela, baina "mantsoago" egin beharra dagoela.