M24
Madrilen gobernatzeko akordio bat eskaini die Aguirrek C’si eta PSOEri
Agentziak | Erredakzioa
PPk “sorrera berri bat” behar duela esan du Aguirrek. Hauteskundeetako “emaitza txarrak” direla-eta, bere alderdiak “mugarik gabeko” erreformak eta aldaketak abiatuko dituela iragarri du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Esperanza Aguirre Madrilgo PPren presidente eta alkategaiak Udalean gobernatzeko akordio bat eskaini die gaur PSOEri eta Ciudadanosi. Gainera, bera ez dela “oztopo” izango ziurtatu du Aguirrek.
“Arazoa ni baldin banaiz, dudarik gabe, ez dago arazorik”, adierazi du Aguirrek PPren egoitzan, bere hautagaitzako 21 zinegotziekin bildu eta gero. PSOEri eta Ciudadanosi babesa emateko prest agertu da, Manuela Carmenaren Ahora Madridek gobernatzea eragozteko.
Ahora Madrid “gure sistema demokratikoaren barruan ez dagoen indar politiko bat” dela esan du PPren alkategaiak. Horregatik, gobernatzeko akordio bat eskaini die Ciudadanosi eta PSOEri.
Aguirreren hitzetan, “PP eta PSOE ez dira arerio, ezta aurkariak ere”, eta Ciudadanosekin batera 37 zinegotzi dituzte Madrilen. “Azaroan Espainiako lehen indar politikoa izateko tranpolin bezala erabiliko du Madrilgo Udala ezker erradikalak”, ohartarazi du, Podemosi erreferentzia eginez.
“Lau urte” oposizioan igarotzeko prest
Hala ere, “lau urte” oposizioan igarotzeko konpromisoa hartu du Aguirrek. “Iragan legealdian beste inguruabar batzuk izan ziren. Madrildarrek jartzen nauten lekuan egoteko konpromisoa hartu dut, lau urtez”, esan du.
Politikara itzultzeko erabakia hartu izanaz damutzen ote den galdetu diote kazetariek Aguirreri. “Inola ere ez”, erantzun du Madrilgo PPren buruak. “Nire etxean egongo banintz, bere eginbeharra bete ez duen pertsona bat bezala sentituko nintzateke, eta hemen nire eginbeharra bete dut. Neure burua eskaini dut, hautagai ona nintzela erabaki dute, boto gutxi batzuk falta izan zaizkigu, 7.000 bat, baina zentroko gehiengoak ezkerreko gutxiengoa bikoizten du”, goraipatu du.
Bestalde, PPk “sorrera berri bat” behar duela esan du Aguirrek. Hauteskundeetako “emaitza txarrak” direla-eta, bere alderdiak “mugarik gabeko” erreformak eta aldaketak abiatuko dituela iragarri du.
Carmona: "Ez dut sekula PPrekin itunik egingo. Nire jarrera erostezina da”
PPrekin ez duela inoiz itunik egingo agindu du Antonio Miguel Carmona PSOEko alkategaiak, eta bere jarrera “erostezina” dela gaineratu du.
“PSOEren eta nire izenean, ezezko biribila eman diot. Ez dut sekula PPrekin itunik egingo. Nire jarrera erostezina da”, azaldu du Carmonak.