Elkarrizketa
EH Bilduk baztertu egin du PSN aldaketa prozesuan nahastea
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"PSNrekin ikurren edo euskararen legeei buruz hitz egiten hasiko bagina, eztabaida amaigabe korapilatsuak izango genituzke", esan du Adolfo Araizek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentari hautetsiaren ustez, PSNk "aldaketaren Gobernuari" egin diezaiokeen "ekarpen onena" oposizioan geratzea da. Izan ere, sozialistek bat egiteak prozesua "korapilatzea" ekar lezake, eta eztabaidak "amaigabeak" izango lirateke.
"Boulevard" Radio Euskadiko saioan eskainitako elkarrizketan, aldaketa Geroa Baik, Izquierda-Ezkerrak eta Podemos-Ahal Duguk gauzatzearen alde agertu da ordezkari abertzalea. "Nafarroako aldaketa politikoak badu jada 26 eserlekuko oinarri sendoa", adierazi du.
"Egoera hau lehen aldiz egon da denbora luzean, eta programen inguruko akordioa ez ezik, konpromisoa ere behar da", ohartarazi du.
Nolanahi ere, PSNk "aldaketarako borondatea" badu, "ekarpenak" egiteko aukerak izango dituela gaineratu du.
Araizek aitortu du Geroa Bai PSNrekin ere akordioa lortzearen aldekoa dela, baina horrek prozesua "korapilatzea" ekar lezakeela ohartarazi du.
"PSNrekin ikurren edo euskararen legeei buruz hitz egiten hasiko bagina, segur aski eztabaida amaigabe korapilatsuak izango genituzke, eta gizarteak argitasuna eskatu digu, horregatik eman diote babesa herritarrek 26 eserlekuko gehiengoari", esan du.