Itxi

Nafarroa

Bi asteren buruan akordio programatikoa itxita nahiko luke Geroa Baik

Agentziak | Erredakzioa

Uxue Barkosen hitzetan, Geroa Baik oinarrizko gaietan bat egiten du EH Bildu, Ahal Dugu Nafarroa eta I-Erekin. PSNri aldaketarako gobernura batzeko gonbita egin dio, beste behin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Uxue Barkos Geroa Bairen Nafarroako presidentetzarako hautagaiak iragarri duenez, bi asteren buruan itxita egongo da foru erkidegoan aldaketa nahi duten indarren arteko akordio programatikoa, hala espero du berak behintzat.

Atzo amaitu zituen Geroa Baik, maiatzaren 24ko Nafarroako bigarren indar bozkatuenak, gainerako alderdiekin bilera sorta. Berez, gaur amaitu behar zituen bilerak, baina UPNk muzin egin dio gonbitari.

Barkosen hitzetan, oinarrizko gaietan bat egiten du alderdiak EH Bildurekin, Ahal Dugu Nafarroarekin eta Izquierda-Ezkerrarekin. PSNri dagokionez, aldaketarako gobernuan parte hartzeko gonbita egin dio beste behin alderdi abertzaleko buruak. Horren arabera, alderdiokin duen akordioa "nahiko orokorra da". Orain proposamen programatikoak helarazi behar dizkiete alderdiek, Geroa Bairen programa oinarri hartuta.

Gobernua osatzeko beharrezkoak ez badira ere, sozialistei eskua luzatu die Barkosek. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu Nafarroa eta Izquierda-Ezkerraren eserlekuak zenbatuta "gehiengo aritmetikoa" dute (26 ordezkari), baina PSNren alde bozkatu zuten 200.000 nafarrek ere "aldaketaren alde bozkatu zuten", argudiatu du.

Bilera sortan parte hartuta, PPk "maila instituzionala" eman duela adierazi du Barkosek; UPN kritikatu du, ordea, ez duelako bildu ere egin nahi izan. Nafarroako Parlamentuarekiko "errespetu falta" egotzi dio eta erregionalisten "beldurraren hitzaldia" salatu du. Horren ildoan, lasaitasun mezua eman nahi izan die UPNren boto-emaileei. "Nafar guztientzat gobernatuko dut, lasaitasunez eta zintzotasunez", adierazi du.

Iruñeko alkatetza

Joseba Asiron EH Bilduko hautagaia Iruñeko alkate izendatzeko aukeraz ere mintzatu da Barkos. Horren esanetan, "oraindik ez dago dena itxita", Asironek berak atzo kontrakoa esan arren. "Iruñean, beste hainbat udalerritan bezala, negoziatzen ari gara, baina adostasunak eta desadostasunak ditugu".

Geroa Bairen ustez, EH Bildu "Nafarroako Gobernuaren kontrako arietea" sortu nahian dabil, eta "ez dugu halakorik onartuko", iragarri du.

Nafarroan maiatzaren 24an izandako "udal tsunamia ez da Iruñean gelditzen", esan du Barkosek, hiriburuan ez eze Tuteran, Tafallan, Lizarran, Arakilen edo Barañainen ere aldaketaren aldeko hautu "argi eta sendoa" egin baitute herritarrek.

Bilera agente sozial eta ekonomikoekin

Inbestidura saioa noiz izan daitekeen galdetuta, datarik ematea baztertu du. Barkosen esanetan, gobernatzeko akordio bat adosteko "azkartasuna" garrantzitsua bada ere, "ez da komeni lasterregi ibiltzea".

Alderdiekin egin beharreko bilerak amaituta, agente sozial eta ekonomikoekin batzartuko dela iragarri du Geroa Baiko hautagaiak. Enpresaburuen artean "kezka" dago, horren iritzian, eta lasaitasun mezua helarazi nahi diela azaldu du.

Albisteak (4)

Bideoak (1)