Itunak
Barcina: 'Nafarroa laugarren aldundia izatea nahi dute'
Agentziak | Erredakzioa
Bestalde, Geroa Baik EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin itxi nahi duen ituna “ezmorala” dela salatu du Javier Esparza UPNko zerrendaburuak. UPNren eta PPNren ordezkaritzen bilera egin dute.
EH Bildu eta EAJ bezalako alderdiek “zerikusirik ez” dutela adierazi du gaur Yolanda Barcina UPNko presidenteak, baina “Nafarroa Euskal Herriko laugarren aldundia bihurtzeko” batuko direla erantsi du.
COPE irratian elkarrizketa egin diote Nafarroako jarduneko presidenteari. Barcinaren ahotan, Geroa Bairen eta EH Bilduren arteko akordioa “truke” bat baino ez da, “hauteskundeak irabazi ez dituzten bi alderdiek” Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala zuzentzeko.
Irratiak agiri batean azaldu duenez, bi alderdiek “nahi duten gauza bakarra Nafarroako estatutua aldatu eta Euskal Herrian integratzeko pausoak” ematea dela azpimarratu du UPNko buruzagiak elkarrizketan.
Gainera, Geroa Baiko hautagaiak goraipatzen duen “aldaketa lasaia eta barneratzailea Bildu alboan egonda ulertzen zaila” dela ziurtatu du Barcinak.
Bilera UPN-PPN
Bestalde, Geroa Baik EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin itxi nahi duen ituna “ezmorala” dela salatu du Javier Esparza UPNko zerrendaburuak, “EAJk EAEn sekula egingo ez lukeelako”.
Esparzaren hitzetan, “akordiora heltzeak lotsa ematen diela ematen du eta edozelan justifikatzen ari dira, UPNri errespetua faltatuz batez ere”. “Ortuzar jaunak errespetua galdu du, eta baita Iglesiasek ere”, erantsi du.
UPNren eta PPNren ordezkaritzen arteko bilera. Argazkia: EFE
Nafarroako Parlamentuan prentsaurrekoa eman du Esparzak PPNrekin bildu eta gero. UPNren kanpoko babes batekin, PSNren eta Ezkerraren arteko gobernu bat osatzeko proposamena azaldu dio Esparzak PPNri. Hala ere, sozialistek eta Ezkerrak uko egin diote jadanik. PPNk ere gobernu horri babesa emango liokeela adierazi du.
Bestalde, gobernu alternatiboa “kontrako Exekutibo” bat izango dela ohartarazi du Pablo Zalba PPNko gestio-batzordearen presidenteak. Zalbaren ahotan, “Nafarroa defendatzeko negargarria izango da, lanpostuak sortzeko eta ekonomia suspertzeko erronken aurrean”. “Alderdi hain ezberdinek gobernua osatzea oso zaila da”, esan du.
IUk akordioarekin bat egitea ulertzen ez duela nabarmendu du Zalbak; izan ere, “foru erregimenaren defentsan ibilbide luzea du”, eta “Ahal Duguren jarrera are gutxiago ulertzen dugu, boto-emaileei iruzur egingo dielako, ETAren indarkeria gaitzetsi arte Bilduren gobernu bati babesa emango ez ziotela ziurtatu baitzuten”.