Itxi

Itunak

EAJri Gasteizen babesa emateko eskaintza berretsi du EH Bilduk

Agentziak | Erredakzioa

Arabako Aldundian ere jeltzaleekin “lankidetza eta batuketarako tarteak” bilatzeko prest agertu da koalizioa. Hemen Gaudek eta Irabazik ere aldaketa bultzatuko lukete Gasteizen.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gorka Urtaran jeltzalearen balizko hautagaitzari babesa emateko eskaintza berretsi du gaur EH Bilduk Gasteizen. Era berean, nahiz eta bi negoziazioak bereizi, Arabako Aldundian ere EAJrekin “lankidetza eta batuketarako tarteak” bilatzeko prest agertu da koalizioa, “erabakitzeko eskubidearen” alde lan egiteko.

Miren Larrion EH Bilduko alkategaiak eta Kike Fernandez de Pinedo koalizio abertzalearen ahaldungaiak prentsaurrekoa eman dute negoziazioen berri emateko.

Gasteizko alkate berria aukeratzeko udalbatza egiteko 48 ordu eskas falta dira. Koalizioak zenbait alderdiren arteko akordio bat lortzeko borondatea berretsi zuen asanbladan, asteazkenean, PP udal Gobernutik kanporatzeko.

Aukera hori “errealitate” bihurtzea espero du Larrionek. Zentzu horretan, Urtaranek bere hautagaitza aurkeztea erabakitzen baldin badu, EH Bilduk babesa emango liokeela baieztatu du Larrionek.

Hala ere, Urtaranek hautagaitza aurkezten ez badu, bera hautagaia izateko arazorik izango ez lukeela erantsi du. Kasu horretan, EAJ EH Bilduko hautagaiari babesa emateko “prest” legokeen galdetu die Larrionek jeltzaleei.

Bi aukera horiek baztertuta, EAJk irtenbide bakarra luke, Marotoren izendapena “erraztea”, alegia. Horrela, kolektibo sozialek, sindikatuek, bizilagunek eta politikariek “eskatutako aldaketari” muzin egingo lioke EAJk.

Bestalde, Gasteizko Udalaren eta Arabako Aldundiaren negoziazioak “bereizi” nahi izan ditu Fernandez de Pinedok. Zentzu horretan, EH Bildu Batzar Nagusietan “erabakitzeko eskubidearen alde” dauden alderdiekin akordioak lortzen saiatuko dela iragarri du Fernandez de Pinedok.

Hemen Gaude eta Irabazi ere aldaketa babesteko prest, Gasteizen

Gasteizen aldaketa “ahalbidetzeko” beharra azpimarratu du Hemen Gaudek (Ahal Duguk babestutako hautagaitza), baina Arabako Aldundiarekin lotu gabe, ezta sigla edo hautagaitza zehatz bati ere. “Guztien artean akordio batera heltzeko kapaz bagara eta aldaketa bultzatu, guk bertan parte hartuko dugu”, esan du.

Bestalde, Gasteizen zein Araban “aldaketa” babesteko borondatea azaldu du Irabazik. Batzar Nagusietan bere jarrera “zehaztu” behar duela aurpegiratu dio Irabazik Ahal Duguri.

Albisteak (7)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)