Itunak
Joseba Asiron izango da Iruñeko alkate berria
Agentziak | Erredakzioa
EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta I-E alderdiek akordioa lortu dute, eta ostiral honetan sinatuko dute ituna. Laurak egongo dira Udalbatzan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Joseba Asiron izango da Iruñeko alkate berria. EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta I-E alderdiek akordioa lortu dute ostegun honetan, EH Bilduko hautagaia Nafarroako hiriburuko alkate berria izan dadin, eta gobernu berria eratzeko.
Hala iragarri du Asironek berak komunikabideen aurrean, EH Bilduk negoziazioen berri emateko deitutako batzarra hasi aurretik.
''Lanerako eta elkarrizketarako hiru aste bizi izan dira, eta jada lortu dugu ezarritako helburua. Itxita dago'', adierazi du. ''Inbestidurarako eta gobernua osatzeko behar genituen babes guztiak lortu ditugu'', gaineratu du Asironek.
EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Izquierda-Ezkerra alderdiek ostiral honetan sinatutako dute ituna, alderdi bakoitzak berretsi ostean.
Lau alderdiak Udalbatzan
EH Bilduko hautagaiak azaldu duenez, ''oinarrizko akordioa'' itxi dute ostegun honetan, eta bertan jasotzen dira, besteak beste, ''Udalbatzaren kode etikoa eta inbestidura hitzaldirako oinarrizko edukiak''. Horrez gain, ''dokumenturik garrantzitsuenak, programa bera eta organigrama'' zehaztu dituzte; ''Gobernu berriaren jardunerako oinarrizko dokumentua'', horren esanetan.
Ildo horretan, Asironek aurreratu du lau alderdiak egongo direla Udalbatzan (Aranzadiko militanteek erabakitzen dutenaren zain). Gobernuaren osaketa eta pertsona zehatzak datorren astean erabakiko dira. Zehazki, uztailaren 3ko osoko bilkuran banatuko dira karguak, eta, ordura arte, behin-behineko banaketa egingo dute.
Botere eskualdatzea
Gaur goizean bertan, Enrique Maya (UPN) Iruñeko jarduneko alkatearekin bildu da Asiron, boterea eskuz aldatzeko batzorde bat egitea eskatzeko.