Itunak
Iruñeko Alkatetza bereganatuko du EH Bilduk larunbat honetan
Agentziak | Erredakzioa
Gainera, itunek edo zerrendarik bozkatuena izateak EH Bildu Barañain, Lizarra, Atarrabia edo Tafallako alkatetzetara eramango dute seguruenik.
EH Bilduk Nafarroako 25 udaletan agintea hartuko du larunbat honetan, maiatzaren 24ko hauteskundeetan gehiengo absolutua lortu eta gero. Gainera, itunen bidez beste udal batzuetako alkatetzak bereganatuko ditu koalizioak, besteak beste, Iruñean, Barañainen eta Lizarran.
UPNk galduko dituen udal batzuk dira horien artean; izan ere, 2011ko emaitzekin alderatuta erregionalistek atzera egin dute udaletan. Orduan Nafarroako hiri garrantzitsuenen alkatetzak lortu zituen UPNk, besteak beste, Iruña, Tutera, Barañain, Lizarra, Tafalla eta Zizur Nagusia.
Azken hauteskundeetan, UPN alderdi bozkatuena izan zen, botoen % 24,32arekin, baina EH Bilduk zinegotzi (297) eta gehiengo absolutu (25) kopururik handiena lortu zuen.
Horrela, larunbatetik aurrera presentzia garrantzitsua izango du EH Bilduk Nafarroako udaletan. Kasu aipagarriena Iruñekoa da; izan ere, Joseba Asiron koalizio abertzaleko alkategaiak Alkatetza bereganatuko du Geroa Bai, Aranzadi (Ahal Duguk bultzatutako zerrenda) eta Ezkerrarekin akordio batera heldu eta gero.
Barañáin, Lizarra, Atarrabia eta Tafalla
Itunek edo zerrendarik bozkatuena izateak EH Bildu Barañain, Lizarra, Atarrabia edo Tafallako alkatetzetara eramango dute seguruenik. Gainera, Leitzan, Uharte Arakilen, Beran eta Etxarri Aranatzen gehiengo absolutua lortu zuen koalizioak.
Bestalde, UPNk 17 udalerritan gehiengoa absolutua lortu zuen, eta horietan Alkatetza bermaturik du. Bien bitartean, gutxienez 14 udalerritan gobernatuko du PSNk.
Altsasu, Eguesibar eta Zizur Nagusia
Geroa Baik Nafarroako zenbait udaletan gobernatzea ere litekeena da, horietako bi Iruñerrian daude: Eguesibar eta Zizur Nagusia. Bi udal horietan beste indar batzuekin akordioa lortu beharko du gehiengoa bermatzeko. Era berean, Uxue Barkosek zuzentzen duen koalizioak Altsasuko Udalean Gobernua eskuratzeko aukera du.
Tutera
Azkenik, Nafarroako bigarren hirian, Tuteran, Ezkerrak aginte makila hartzeko aukerak ditu. UPNrekin zinegotzi kopuruan berdinketa izan zen hauteskundeetan, baina Ezkerrak Alkatetza bereganatu dezake beste alderdiekin akordioak lortuz.