Itxi

Osoko bilkura

Amurrion, Artziniegan eta Oionen alkate jeltzalea aukeratu dituzte

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

EAJk Amurrioko alkatetzari eustea lortu du. Artziniegan Alderdi Popularraren babesari esker lortu dute jeltzaleek alkatetza, eta Oionen, EH Bilduren babesarekin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EAJk Amurrioko alkatetza lortu du Araban (eskuineko argazkian, makila jasotzen), PSE-Eeren babesarik gabe (horrek zuri bozkatu du). Bestalde, gainerako alderdiek euren hautagaien alde bozkatu dute.

EAJk 7 zinegotzi lortu zituen Amurrion, EH Bilduk 5, Ahora Amurriok 2, PSE-Eek 1, PP 1, eta Guk Bai 1. Iturri sozialistek azaldu dutenez, ez da beharrezkoa izan PSE-EEk eta EAJk sinatutako akordioa gauzatzea, euren boza propioekin jeltzaleek Alkatetza lortu baitute.

Artziniega: PPren babesa

Datozen lau urteetan EAJk Artziniegan gobernatuko du PPren babesari esker. EAJk lau zinegotzi ditu, EH Bilduk beste lau, eta Alderdi Popularrak bakarra lortu zuen aurreko hauteskundeetan.

PPk Iñigo Gomez EAJren hautagaiaren alde bozkatu du, eta horri esker, udalerri horretako alkatetzari eustea lortu dute.

Oion: PSE eta EH Bilduren bozak

Eduardo Terroba EAJko hautagaia Oiongo alkate berria izendatu dute (ezkerreko argazkian), PSE eta EH Bilduren babesa jaso ostean. Horrela, Terrobak Ruben Garrido Alderdi Popularreko kidea ordezkatuko du alkatetzan.

Maiatzeko hauteskundeetan PPk boza kopuru gehien lortu zituen, lau zinegotzi lortuta, eta jarraian EAJ, zinegotzi kopuru berberarekin. EH Bilduk, berriz, bi lortu zituen, eta PSEk, bakarra.

Guardian PPk jarraituko du

PPk Guardiako alkatetzari eustea lortu du. Gaurko osoko bilkuran EH Bilduk EAJren hautagaiaren alde bozkatu du, eta Ciudadanos abstenitu egin da.

Hauteskundeetako emaitzen arabera, Alderdi Popularrak 4 zinegotzi lortu zituen, 2011ko emaitzarekin alderatuta, bat gutxiago. EAJk, berriz, 2 eskuratu zituen, eta Ciudadanosek bakarra. Guardiako alkate berria Pedro Leon izango da.

Laudio: Natxo Urkixo berriro

Natxo Urkixo EH Bilduren hautagaiak Laudio Udalaren buru izaten jarraituko du, EAJren hautagaiak ez baitu gehiengo absolutua lortzeko babes nahikorik izan.

Agurain: Berazak alkatetza berreskuratu du

Iñaki Beraza jeltzalea Aguraingo alkatetzara itzuli da, EAJren sei zinegotzien babesa lortu ostean. 2011an jeltzaleek boterea galdu zuten, EH Bilduk gehiengoa lortu ostean.

2011az geroztik alkatea izandako Maider Garcia de Vicuña ordezkatzera dator Beraza.

Bideoak (3)

Informazio gehiago (1)