Osoko bilkura
Joseba Asiron Iruñeko alkate izendatu dute
Agentziak | Erredakzioa
EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta I-E alderdiek akordioa egin dute, EH Bilduko hautagaia alkate izendatzeko. Udaletxeko plaza jendez bete da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Joseba Asiron Iruñeko alkate izendatu dute eta, hala, Nafarroako hiriburuan ezker abertzaleak duen lehen alkatea da EH Bilduko hautagaia. Osoko bilkura hasi aurretik sinatu dute inbestidura akordioa EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta I-E alderdiek, eta, horrela, UPNk ez du agintea lortu, nahiz eta maiatzaren 24ko hauteskundeetan zerrendarik bozkatuena izan.
Alkate moduan egindako lehen adierazpenetan, Asironek ''aldaketaren aldeko apustua'' azpimarratu du, ''elkarbizitzarako testuinguru erreal'' bat sortzeko.
"Biktima guztien eskubideen eta memoriaren alde ahalegin berezia egingo dut'', esan du Asironek. Horren ildotik, iragarri du ''Bakerako Batzorde Iraunkor'' bat sortuko duela, eta ''edozein giza eskubideen urraketa'' gaitzetsiko duela.
Alkate berria krisiaz eta ''gizartearen larrialdi egoeraz'' aritu da, eta ''eskubide sozialen eta ekonomikoen defentsa erabateko lehentasuna'' izan behar dutela azpimarratu du.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Patxi Zabaleta eta Bakartxo Ruiz.
(Makila jaso ostean udaletxeko balkoira irten da Asiron. EFE)
Aginte makila jaso ostean, udaletxeko plazara atera da Asiron, makila herritarrei eskaintzeko. Jendetza bildu da plazan, ''aldaketaren alde'' egindako deialdian, baina protestak ere daude deituta, EH Bilduko hautagaitzaren kontra.
(Jendetza bildu da udaletxeko plazan. Argazkia: EFE)
(EH Bilduren alkate berriaren kontrako protestak)
Akordioaren neurriak
Akordioak 148 neurri biltzen ditu, tartean alkatearentzako, zinegotzientzako eta goi-kargudunentzako kode etikoa. Halaber, neurrien herri galdeketa lotesleak egiteko asmoa ere jaso dute bertan, eta etxegabetzeen eta pobreziaren inguruko adierazpenak.
Lehen izendapenak
Patricia Perales, Aritz Romeo eta Jose Abaurrea lehen, bigarren eta hirugarren alkateorde, hurrenez hurren, izendatu ditu Joseba Asiron Iruñeko alkate berriak. Guztiak EH Bildukoak dira. Hori gauzatzeko, dekretua sinatu du bide elektronikoa erabilita.
Bigarren dekretu baten bidez behin-behineko Gobernu-batzordea osatu du, eta lehen aldiz bilduko da datorren asteartean. Organu horretarako aipatutako hiru alkateordeak izendatu ditu, eta baita Itziar Gomez, Esther Cremaes eta Javier Leoz (Geroa Bai), Ana Lizoain eta Laura Berro (Aranzadi), eta Edurne Eguino (I-E). Idazkaria Abaurrea izango da.
Ordezkari zinegotzigoei dagokionez, Perales Zerbitzu Orokorrak eta Ongizate Soziala eta Berdintasuneko buru izango da; Abaurrea Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugirokoa; Maider Beloki Hezkuntza, Kultura, Parte-hartzea, Gazteria eta Kiroletakoa; eta Romeo Hiri-Segurtasun, Enplegua, Merkataritza eta Turismokoa.
UPNren aurka jendea 'xaxatzea' leporatu diote Asironi
"Erregionalistei eraso egiten dietenak xaxatu izana" leporatu dio UPNk Joseba Asiron Iruñeko alkateari, inbestidura-saioan Asironek "hitz onak" bota arren.
UPNk ohar baten bidez salatu duenez, alderdi horretako zinegotziek eta senideek "irainak jaso dituzte, Udaletik irtendakoan, bereziki". "Asironek esandakoa egiazkoa bada, plazan zeudenei zeozer esan beharko lieke, baina alderantzizkoa egin du, eta balkoira atera da, herritarrak xaxatu ditu, eta hiriko makila astindu du, erregionalisten aurkako irainak entzuten ziren bitartean", salatu du UPNk.
"Bortxa horien aurrean", Enrique Maya UPNko ordezkariak ez duela "Iruñean eta Nafarroan askatasuna defentsan pixka bat ere amore emango".