Itxi

Osoko bilkura

Gorka Urtaranek lortu du Gasteizko alkatetza, PSEk planto egin arren

E.A. | eitb.eus

EH Bildu, EAJ, Hemen Gaude eta Irabazi alderdiek bat egin dute (14 boto), eta jeltzaleak lortu du alkatetza, sozialistek azken orduan zuriz bozkatzeko erabakia hartu arren

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gorka Urtaranek (EAJ) lortu du Gasteizko alkatetza, azken orduan PSE-EEk planto egin arren. Zehazki, EH Bildu (6), EAJ (5), Hemen Gaude (2) eta Irabazi (1) alderdien botoekin lortu du bere hautagaitzak aurrera egitea. Hala, 14 boto jaso ditu jeltzaleak, eta 9 boto Javier Marotok (PP). PSE-EEko 4 zinegotziek zuriz bozkatu dute.

Jeltzalea alkate izateko aukera airean egon da goizeko azken orduetan, Andoainen EAJko ordezkari batek emandako botoagatik. Jeltzaleek eta sozialistek akordioa sinatu zuten atzo bertan, baina Andoaingo zinegotzi jeltzale horrek zuriz bozkatu du, eta, ondorioz, EH Bilduren esku geratu da udalerri hori, PSE-EEren kaltetan.

Horren ostean, Idoia Mendia sozialisten buruak iragarri du zuriz bozkatzeko asmoa zutela Gasteizen. Horrek airean utzi du Urtaranen hautagaitza. EH Bilduren eta EAJren botoak ez ziren nahiko Urtaranen hautagaitza aurrera eramateko, eta Irabazi eta Hemen Gaude koalizioek beren hautagaiei botoa emateko asmoa zutela iragarria zuten. Azken orduan, baina, bi koalizioek babesa eskaini diote Urtarani.

''Ondo dakit nondik datozen botoak''

Alkate moduan egin dituen lehen hitzetan, jasotako babesa eskertu du Urtaranek, ''bereziki beste alderdiena''. Euskaraz eta gazteleraz egin dituen adierazpenetan, jeltzaleak esan du 14 boto horiek ''erantzukizun handia'' direla. Urtaranek esan du ''ondo'' dakiela nondik etorri zaizkion botoak, eta azpimarratu du ''elkarbizitza bermatzeko'' asmoa duela ''inolako bazterketarik gabe''. ''Udal politika guztientzako eta guztiokin garatu nahi dut'', gaineratu du. ''Ezin dugu hutsik egin; aurrera Gasteiz'', esan du alkate berriak.

''Ez dut zalantzarik izango gure hiria eta gasteiztar guztien ongizatea defendatzeko, salbuespenik gabe'', azpimarratu du. Hori izango da lehen erronka, Urtaranen hitzetan, eta, horren ostean, ''enplegu duina'' sortzea eta ''ekonomia suspertzea''.

Maroto: ''Jarraituko dut gauzei beren izenaz deitzen''

Bozketaren ostean, Javier Maroto orain arteko alkateak azpimarratu du oposizioa egingo duela, eta Arabako hiriburua ''gauza guztien gainetik'' defendatzen jarraituko duela. Horren ildotik, ziurtatu egin du ''gauzei bere izenaz deitzen'' jarraituko duela.

EAJrekin elkarlanean aritzen prest ote dagoen galdetuta, Marotok erantzun du ez dituela akordioak baztertzen, EAJk Alderdi Popularren printzipioekin bat egiten duten proposamenik egiten baldin badu.

Javier Maroto aurreko alkatearekin batera, Gasteizko osoko bilkuran izan dira, besteak beste, Arantza Quiroga, Iñaki Oyarzabal, Arantza Quiroga, Laura Garrido, Alfonso Alonso eta Javier de Andres.

(Tentsio momentuak kalean, Maroto osoko bilkurara sartu aurretik. EITB)

 

Elkarretaratzeak udaletxearen aurrean

Udaletxe barruko bozketa egiten ari zirela, kanpoan jendea bildu da, batzuk Marotoren alde eta beste batzuk kontra.. Besteak beste, Gora Gasteiz kolektiboko kideak izan dira, ''Maroto kanpora'' oihu artean.

(Marotoren aldeko elkarretaratzea. EFE)

 

(Jendea bildu da plazan, oso bilkura abiatu aurretik. EITB)

 

Hona hemen Gasteizko Udalerako hauteskundeetako emaitzak:

Albisteak (2)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)