Udalen osaketa
Botere aldaketa gauzatu egin da Euskal Herriko udaletan
Iker Gonzalez | Eitb.eus
Aurtengo hauteskundeak historikoak izan dira -Gasteiz eta Iruñean bereziki- hainbat zentzutan; euskal lau hiriburuetatik hirutan alderdi aldaketa izan da eta lau alkateak euskaldunak dira.
2015eko udal hauteskundeek itxura berria eman diete Hego Euskal Herriko udalei, euskal politikariak azken hiru asteetan bileraz bilera izan ostean. Zalantza, gainera, gaur arte mantendu da, Gasteizko osoko bilkurak Gorka Urtaran jeltzalea alkate izendatu duen arte, tentsio handiko goiza igaro eta gero.
Aldaketa izan da eguneko ardatz eta ildo nagusia; Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik hirutan alderdi aldaketa izan da eta guztietan alkate berriek kargua hartu dute.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, EAJk bere nagusitasuna errotuta dagoela erakutsi du, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkatetzak lortuta, Juan Mari Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran hautagaien izendatzearekin, hurrenez hurren. Iruñean, alkate abertzale batek alkate izatea lortu du, historian lehenengoz. Era berean, lehen aldiz, hiriburuetako lau alkateak euskal hiztunak dira.
Hiriburuka, tentsiorik handiena Gasteizek bereganatu du. Azkenik, Gorka Urtaranek (EAJ) lortu du Gasteizko alkatetza, datozen lau urteetarako. EH Bildu (6), EAJ (5), Hemen Gaude (2) eta Irabazi (1) alderdien botoekin lortu du hautagaitza onartzea. Hala, 14 boto jaso ditu jeltzaleak (gehiengo osoa lortzeko gutxiengoa) eta 9 boto Javier Marotok (PP). PSE-EEko 4 zinegotziek zuriz bozkatu dute.
Alkate moduan egin duen lehen hitzaldian, jasotako babesa eskertu du Urtaranek, ''bereziki beste alderdiena''. Euskaraz eta gazteleraz egin dituen adierazpenetan, jeltzaleak esan du 14 boto horiek ''erantzukizun handia'' direla. Gainera, Urtaranek azpimarratu egin du ''ondo'' dakiela nondik etorri zaizkion botoak, eta azpimarratu du ''elkarbizitza bermatzeko'' asmoa duela ''inolako bazterketarik gabe''. ''Ez dut zalantzarik izango gure hiria eta gasteiztar guztien ongizatea defendatzeko, salbuespenik gabe'', azpimarratu du. Hori izango da lehen erronka, Urtaranen hitzetan, eta, horren ostean, ''enplegu duina'' sortzea eta ''ekonomia suspertzea''.
Bestalde, Donostian, Juan Karlos Izagirrek aginte-makila eman dio Eneko Goia jeltzaleari. EAJren hautagaia alkate izendatu dute jeltzaleen bederatzi botoekin, gehiengo sinplea lortuta, PSE-EEk boto zuria eman baitu. Ez denez gehiengo osorik egon, udal eta foru hauteskundeetan boz gehien jaso duen hautagaitza izateagatik lortu du alkate izatea. Horrela, EAJk alkatetza berreskuratu du, 28 urteren ostean.
Goiak, alkate gisa egindako lehen hitzaldian, hiriaren eta donostiarren alde "gogor" lan egiteko konpromisoa hartu du. Gainera, Goiak adierazi du ''ohorea'' dela alkate kargua hartzea, eta aurretik alkate izan direnen lana goraipatu du; ''gauzak ez dira hasten norbera datorrenean; kate bat osatzen dugu'', adierazi du.
Joseba Asiron (EH Bildu) izan da eguneko beste protagonistetako bat, Nafarroako hiriburuan espero zen aldaketagatik. Asiron Iruñeko alkate izendatu dute eta, hala, Nafarroako hiriburuan ezker abertzaleak izan duen lehen alkatean bihurtu da. Osoko bilkura hasi aurretik sinatu dute inbestidura akordioa EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta I-E alderdiek, eta, horrela.
Alkate moduan egindako lehen adierazpenetan, Asironek ''aldaketaren aldeko apustua'' azpimarratu du, ''elkarbizitzarako testuinguru erreal'' bat sortzeko. "Biktima guztien eskubideen eta memoriaren alde ahalegin berezia egingo dut'', Asironen esanetan. Horren ildotik, iragarri du ''Bakerako Batzorde Iraunkor'' bat sortuko duela, eta ''edozein giza eskubideen urraketa'' gaitzetsiko duela.
Bilbon, ordea, ez da ezusteko handirik ez tentsiorik izan. Juan Mari Aburto hautagai jeltzaleak alkate kargua hartu du, EAJren aldeko botoei eta PSE-EEren boto zuriei esker.
Alkate izendatu eta gero, agintaldiari "ilusioz eta apaltasun osoz" ekiten diola azpimarratu du Aburtok. Nabarmendu duenez, "herritarren zerbitzura" egongo da eta bere helburua "gertuko alkatea, entzuten duten alkatea" izatea da. Aburtok, ordea, nabarmendu du ez dakiela munduko alkaterik onena izango ote den, baina "munduko hiririk onenaren" alkate izango dela ziurtatu du.
Andoain, eguneko ezustekoa
Ane Karrere (EH Bildu) beste agintaldi bat egingo du alkatetzan, EAJren zinegotzi batek boto zuria eman duelako, alderdiak emandako aginduaren kontra, PSE-EEren hautagaitza onartzea ahalbidetzeko.
Hala, Maider Lainezek (PSE) zortzi boto baino ez ditu jaso (bederatzi behar zituen gehiengo osoa edukitzeko): bost PSE-EEren eskutik eta hiru EAJren partez.
Hiriburuan izandako aldaketaz gain, EH Bilduk Lizarrako eta Iruñeko eskualdeko hirien alkatetza nagusiak eskuratu ditu, esaterako, Barañaingoa (Nafarroako hirugarren udalerririk nagusiena, biztanle kopuruari dagokionez).
Era berean, Antsoaigo alkatetza, sozialista izan ohi da, eta Atarabia eta Berriozar herrietako hautagaitzak onartzea erdietsi du. Halaber, Erdialdean, Tafalla lortu du (lehen UPNren esku) eta iparraldean ere hainbat herritako buru da, besteak beste, Baztanen.
Izquierda-Ezkerrak (I-E) orain arte zuen ordezkaritza handitzea lortu du eta aurrerantzean Eneko Larrarte izango da Tuterako alkatea sozialisten eta independenteen babesari esker.
Ondorioz, UPNk Erriberako alkatetza gehienak galdu ditu, tartean, herri handienak. Are gehiago, Cintruenigori soilik eutsi dio. Bestalde, PSNk San Adrian, Azagra eta Carcar herrietako gidaritzak mantendu ditu.
Bizkaiko gainerako herriak
Mikel Torres sozialista Portugaleteko alkate izendatu dute berriro (ezkerreko argazkian, makila jasotzen), EAJk zuriz bozkatu ostean . Torresen alde bederatzi zinegotzi sozialistek bozkatu dute. EAJk, berriz, zuriz bozkatu du, eta gainerako alderdiek, euren hautagaien alde.
Ibon Uribe jeltzalea Galdakaoko alkatea izango da berriro ere, 21 zinegotzietatik bederatzien babesa jaso ostean. Gainerako alderdiek -EH Bildu (4 zinegotzi), Galdakao Orain (bi) eta Irabazi (1)-, euren alderdien alde bozkatu dute.
Carlos Totorika PSE-EEren Ermuko alkategaiak kargua hartu du, bere alderdiaren botoekin eta EAJren eta PPren boto zuriei esker. Gainerako alderdiek (Irabazi, Adelante Ermua eta EH Bildu) euren hautagai propioen alde bozkatu dute.
Plentzian (Bizkaia), EH Bilduk (4) alkatetza eskuratu du, plataforma independentearen (2) babesari esker. EAJ izan zen bozkatuena, bost zinegotzi lortuta.
Amaia del Campo jeltzalea da Barakaldoko alkate berria, bere alderdiaren aldeko botoekin eta PSE-EEren boto zuriekin, halere, hautagaitza aurkeztu dute sozialistek. Bestalde, EH Bilduk, Irabazik eta Alderdi Popularrak euren hautagaien alde bozkatu dute.
Carmenak ere aldaketa eraman du Madrilera
Manuela Carmena Madrilgo alkate izendatu dute, 29 boto jasota, ustez 20 Ahora Madriden eskutik eta beste 9 PSOEren zinegotzien babesarekin. Hala, Esperanza Agirre PPren hautagaiak 21 boto jaso ditu eta oposizioan geratuko da, nahiz eta maiatzaren 24ko hauteskundeetan boz gehien jaso duen alderdia izan den.l
Caremenak uko egin dio hitzaldia egiteari, uste baitu bilkuren aretoan "hitzaldi gehiegi eta hitz gutxiegi" daudela, hortaz, herritarrei eskerrak emanez ekin dio agintaldiari.
"Ilusio eta itxaropen handia daukat. Madrilgo herritarren zerbitzariak gara, ezin dugu ahaztu heien zerbitzura gaudela", esan du. "Entzuten dugun bitartean gobernatu nahi dugu, izenez zuzentzea, aurrez aurre hitz egin gaitzaten eta, beti ere, eurek markatutako ildotik", narbamendu du.
Colau, "kontzientziagatik eta ohoreagatik"
Bartzelonan, Ada Colau Barcelona en Comu koalizioko zerrendaburua alkate izendatu dute gehiengo osoa lortuta (41tik 21 eskuratu ditu). Colauk gidatutako koalizioak 11 zinegotzi lortu zituen maiatzeko hauteskundeetan; ERCk bost, PSCk bakarra eta CUPek beste bat.
"Nire kontzientziagatik eta ohoreagatik" karguaren zina egin du Colauk, eta "legeak aginduta, erregea, Konstituzioa, Kataluniako Estatutua eta Bartzelonako Udal-Gutuna errespetatzeko eta errespetarazteko" konpromisoa hartu du.