Gasteizko alkatetza
PP: 'Gasteizko lotsagabekeria politikoak ondorioak ekarriko ditu'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nerea Llanos Euskadiko PPren idazkari nagusiak adierazi duenez, "gasteiztarrek Maroto nahi zuten alkate bezala, zerrenda bozkatuena izan baitzen".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Javier Maroto alkate ohiari alkatetza kentzeko EAJk, EH Bilduk, Hemen Gaudek eta Irabazik euren bozak batu izana salatu du igande honetan Nerea Llanos Euskadiko PPren idazkari nagusiak.
Horren irudiko, Gasteizen jazotakoa "lotsagabekeria politikoa, hipokrita eta zekena izan zen". "Politikan guztia ez da onartezina, eta lotsagakeriak, itxurakeriak eta zekenkeriak ordaindu egiten dira, eta hori guztiak ondorioak ekarriko ditu".
Bilbon egindako adierazpenetan Llanosek azpimarratu duenez, PPren hautagaia "maiatzaren 24ko hauteskundeetako irabazle garbia izan zen, eta orain alkate izendatu dutena, berriz, galtzaile, 16.000 boza eskuratu zituelako, eta hirugarren indar bihurtu baitzen". "Gasteiztarrek Maroto nahi zuten alkate bezala, zerrenda bozkatuena izan baitzen", gaineratu du.
Zentzu horretan, Llanosek EAJ salatu du "zerrenda bozkatuaren argumentua haren komenentziara erabiltzen duelako. Euskadi osoan boterea bereganatzeko erabili izan du, eta duela lau urte Donostiako Udaletik eta Gipuzkoako Aldunditik Bildu ez botatzeko ere erabili zuen, baina dirudienez, argumentu horrek bakarrik balio du zerrenda bozkatuena EAJ denean".
Lehenengo indarra izaten lortzen ez dutenean, jeltzaleak "bulegotan aritzen dira, hautetsontzietan lortu ez dutena eskuratu ahal izateko", gaineratu du Llanosek. "Eta horretarako Bildu bezalako alderdi baten babesa jaso behar badute, hala egiten dute, ETAren ekintza terrorista gaitzetsi ez duen alderdia izan arren", nabarmendu du Alderdi Popularreko buruak.
"Orain arte jazotakoaren arabera, zentzugabekeria da EH Bilduk elkarbizitzarako lerroak zehaztu izana", nabarmendu du. "EAJ da Euskadiko benetako kasta, gauza guztien gainetik boterearen bila dabilelako, PSE-EEk eta Ahal Duguk babestuta, eta EH Bilduri dena emanda", ondorioztatu du.