Bizkaia
Alderdien akordiorik ez, Bizkaiko Batzar Nagusien mahaia osatzeko
Agentziak | Erredakzioa
Mahaiaren osaketa "anitza" izan dadin adostasunik ez dute lortu EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Ahal Dugu eta PP alderdiek, eta asteartean erabakiko da azkenean.
Maiatzaren 24ko foru hauteskundeetan Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkaritza lortu zuten bost alderdiek ez dute ganberako mahaia osatzeko akordiorik lortu. Bihar eratuko dira batzarrak, eta orduan jakingo da zelan osatua egongo den.
Ahal Duguk bilera deitu zuen gaurko EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP alderdiekin, mahaiaren osaketa "anitza" bermatzeko akordio bat erdieste aldera. Adostasunik ez da izan, ordea. Mahaia bost kidek osatzen dute: presidentea, bina presidenteorde eta idazkari.
"Lastima da mahai anitz baterako adostasunik lortu ez izana", adierazi du Neskutz Rodriguez Ahal Duguk Batzar Nagusietan izango duen bozeramaileak.
Hautetsiak nabarmendu duenez, bere taldea "pozik" atera da bileratik, mahaian leku bat lortuko duten itxaropena baitute: "Sentsazio onarekin atera gara", erantsi du. Rodriguezen esanetan, bileran parte hartu duten talde guztiak bat zetozen mahaiak "anitza" behar zuela eta alderdi guztien "ordezkariak" behar zituela esatean. Dena dela, aitortu duenez, "bihar jakingo dugu zer gertatuko den".
Ahal Duguren batzarkideak esan duenez, bost alderdiek mahaian ordezkaritza izatea defendatu dute eurek. Gipuzkoan bezala, PP mahaitik kanpo geratuko ote den galdetuta, Bizkaiko eta Gipuzkoako "errealitateak ezberdinak" direla erantzun du Neskutz Rodriguezek.
Hauek dira Bizkaiko foru hauteskundeen emaitzak, modu grafikoan adierazita: