BBNN
Ana Otadui aukeratu dute Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente
Agentziak | Erredakzioa
PPk ez beste gainerako taldeek ordezkaria izango dute Mahaian, Begoña Gil (PSE-EE), Joseba Gezuraga (EH Bildu), Koldo Mediavilla (EAJ) eta Elsa Pamparacuatro (Ahal Dugu) izango baitira harekin batera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Espero zen bezala, Ana Otadui EAJko batzarkidea aukeratu dute Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente, gehiengo osoz. Otaduik Ana Madariaga alderdikidearen lekua hartuko du (12 urtez egon da karguan).
Jeltzalea lehen bozketan hautatu dute EAJren eta PSE-EEren aldeko 28 botoekin. Bi boto baliogabe jo dituzte, izen-abizenak txarto idatzita zeudelako. Gainerako taldeek (EH Bildu, Ahal Dugu eta PP) boto zuria eman dute (21 boto).
Batzar Nagusiak osatuta, oraingoa ETAren indarkeriarik gabeko lehen legegintzaldia izango dela eta "indar politiko guztiek aukera berdinak" izango dituztela azpimarratu du Otaduik. Presidente berriaren hitzetan, "denentzat" gobernatuko du, "elkarkidetzaren bidean bizikidetza berria sustatzea helburu".
Bestalde, Batzar Nagusiak "bikoiztasun eta beharrezkoa ez den gastu bat" direla esaten dutenei kontra eginez, Ganberaren eginkizuna aldarrikatu du, "irmo". "Eredu hau balekoa da eta oso emaitza onak eman ditu", erantsi du.
PP, Mahaitik kanpo
Batzarrak osatzeko bilkura egin dute Gernikako Juntetxean. Mahaia nortzuk osatuko duten bozkatu dute bertan. EAJk eta PSE-EEk euren botoak batu dituzte Mahaiko hiru kargu bere egiteko eta gauza bera egin dute Ahal Duguk eta EH Bilduk. Hala, Begoña Gil (PSE-EE) eta Joseba Gezuraga (EH Bildu) presidenteorde lehena eta bigarrena izango dira, hurrenez hurren. Halaber, Koldo Mediavilla (EAJ) idazkari lehena izango da, eta Elsa Pamparacuatro (Ahal Dugu), idazkari bigarrena. PP kanpoan geratu da.
Oso haserre mintzatu da Javier Ruiz Alderdi Popularreko batzarkide eta Bizkaiko idazkari nagusia. EH Bilduk eta Ahal Duguk "erradikalen arteko ituna" egin dute eta EAJren eta PSE-EEren artekoa "besaulkien ituna" izan da, haren esanetan.
"Zoritxarrez, Mahaian guztiok ordezkaritza izateko aukera galdu dugu, EAJk eta PSE-EEk gu baztertzearen alde egin baitute, PPren inguruan babes-hesi bat jartzeko. Botoa eman diguten 45.000 bizkaitarrak ordezkaritza gabe geratuko dira lurralde gobernuko organo honetan", esan du Ruizek kazetarien aurrean.
Bestalde, Begoña Gilen esanetan, PSE-EEko batzarkide batek Ahal Duguren alde bozkatu du, Mahaiak "Batzar Nagusien osaketaren antz handiena izan dezan". Ahal Duguk "zapore gazi-gozoa"rekin amaitu du saioa, Mahaia ez baita espero zuten bezain anitza. EH Bildu, azkenik, "pozik" agertu da Mahaian ordezkaritza lortu duelako.
Bizkaiko Batzar Nagusietako 51 batzarkideek akta jaso dute, eta, lehen aldiz, Ahal Duguko sei ordezkari izan dira tartean.
Ahal Duguko batzarkide bat bere akta jasotzen. Argazkia: EiTB
Honela geratu dira osatuta Bizkaiko Batzar Nagusiak, maiatzaren 24ko hauteskundeen ondoren: