Gasteiz
Akordio formula ezberdinak eskaini dizkie Urtaranek oposizioko taldeei
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hala ere, PPrekin itunik lortzea "ezinezkotzat" jo du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Marotoren "jarrera" ikusita.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak akordio mota ezberdinak eskaini dizkie oposizioko taldeei, tartean PSE-EErekin koalizio gobernu batean sartzea, Udalari egonkortasuna ematea helburu. Hala ere, "ezinezkotzat" jo du PPrekin itunik lortzea, Javier Maroto alkate ohiarekin bilera egin ondoren.
Oposizioko taldeekin bilera sorta egin du Urtaranek aste honetan. Oraingoz, bost zinegotzirekin gobernatzen du, eta Udal Gobernuari “egonkortasuna” emateko xedearekin eskaintza ezberdinak luztu dizkie oposizioko ordezkariei. Atzo, PSE-EE, Hemen Gaude eta Irabazirekin bilerak egin ostean, gaur EH Bildu eta PPrekin amaitu du batzar-sorta.
Urtaranek mahai gainean jarritako lehen akordio mota, PSE-EErekin koalizio gobernu bat osatzea. Urtaranek dio EAJ eta PSE-EEren artean “sintonia handia” dagoela eta, “goiz ala beranduago” koalizio gobernu bat osatuko dutela.
Bigarren aukera, gobernuz kanpo dauden oposizioko zinegotziei egitasmo edo sail zehatzen ardura ematea. Sozietate publikoen buruzagitza ere eskaini die oposizioko ordezkariei.
Itun “puntualak” lortzea izan da Urtaranek proposatutako beste formula bat. Miren Larrion EH Bilduko ordezkariak ondo hartu du azken proposamen hura, eta akordioak lortzeko prest agertu da. Hala ere, EAJrekin koalizio gobernua osatzea ukatu egin du Larrionek.
Bestalde, Javier Maroto PPko bozeramaileak bere kezka agertu du, EAJren Gobernuak duen “ahulezia ikusita”. “Ez du hiri proiekturik eta atzean EH Bilduren itzala darama”, erantsi du.
Marotoren ustez, Miren Larrion “itzalean dagoen alkatea” da Gasteizen.
Gogoratu duenez, PP izan zen hauteskundeetan boto gehien lortu zituen alderdia, eta Urtaranek EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabaziri esker lortu zuen alkatetza.